Mendekotasun egoeran dagoen pertsona bat zaintzeak eragin zuzena izan dezake ardura hori hartzen dutenen osasunean eta ongizatean, bakardade sentimendua barne. Sentimendu subjektibo eta desatsegin hori besteekiko harremanak nahikoak ez direla hautematen denean sortzen da, bai kantitatean, bai kalitatean.
Euskadin, Nahi Ez Den Bakardadearen Behatoki Estatalaren azken txostenaren arabera, biztanleria helduaren %14,5ek bakarrik sentitzen dela dio, eta hamarretik lauk sentipen hori bizi izan dute bizitzan zehar. Errealitate horri aurre egiteko, Euskal Herriko Unibertsitateko Medikuntza eta Erizaintza Fakultateko irakasle diren erizainek, bihar, apirilaren 21ean, arratsaldeko 18:30ean, hitzaldi-solasaldia eskainiko dute Iurretako udal liburutegian, 'Bakardadea prebenitzeko eta zaintzaileen osasuna hobetzeko gakoak' izenburupean.
Saioan zehar, adituek egoera aztertuko dute eta bizi-kalitatea hobetzeko eta bakardade sentimendua murrizteko eraginkorrak direla frogatu duten hainbat estrategia aurkeztuko dituzte, hala nola banakako balorazioa, taldeetan parte hartzea edo komunitatearen indartzea. Ekitaldia streaming bidez jarraitu ahal izango da.




