Joan den asteburuan, Loretokiko gimnastika klubeko kirolariek lehiaketa eta erakustaldiak uztartu zituzten. Larunbatean, Ibarran, kadete mailako Gipuzkoako Txapelketa jokatu zen, non Azpeitiko taldeak zazpigarren postua lortu zuen A mailan eta hamaseigarrena B mailan.
Bakarkako lehian, Elene Astiazaran laugarren sailkatu zen A mailan, uztaiarekin egindako lan bikainari esker. Gipuzkoako Txapelketan parte hartu zuten Loretokiko ordezkari guztiek Durangon (Bizkaia) ospatuko den Euskadiko Txapelketan lehiatuko dira maiatzaren 30ean.
Igandean, Arrasateko Uarkape kiroldegian, Loretokiko benjamin mailako gimnastek ikasturteko bigarren erakustaldia eskaini zuten. Ekitaldi honek gimnastika erritmikoaren edertasuna eta gazteen talentua erakusteko balio izan zuen.
Klubaren hurrengo hitzordua maiatzaren 9an izango da, Bergaran jokatuko den infantilen Gipuzkoako Txapelketan. Bertan, A mailako taldeak eta Maren Bikendi k, bakarka, parte hartuko dute.




