Emakumezkoen Euskal Ligako sailkapen faseko azkenaurreko jardunaldia jokatuko da asteburu honetan, eta Geurea RT taldeak etxean jokatuko du, Zornotzako Larrea kiroldegian. Arrasate Errugbi Taldeko neskek, Urgozo eta Elorriorekin batera osatutako konbinatuak, Durangoren aurka jokatuko du larunbat arratsaldean, 16:30ean hasita, egungo bigarren postua sendotzeko asmoz.
Orain arte jokatutako 14 partidetatik 10 irabazita, taldeak 49 puntu lortu ditu, Gaztedi liderretik 13 puntura. Atzetik, La Unica eta Gipuzkoa Sortzen daude, 46 eta 43 punturekin, hurrenez hurren. Uni Bilbo bosgarren postuan dago 39 punturekin.
Durango, sailkapeneko zazpigarren postuan dago 29 punturekin, Loratzen 12 taldearekin berdinduta. Aurreko bi partidak irabazi ondoren, bizkaitarrek galdu egin zuten iragan asteburuan La Unicaren aurka. Beraz, Geurea RT faborito argia da larunbateko hitzordurako.
Hau sailkapen faseko azkenaurreko partida izango da, eta azkena maiatzaren 10eko asteburuan jokatuko dute, Loratzen 12 taldearen zelaian. Bigarren postuari eusteko, gutxienez bi partida horietako bat irabazi beharko dute.
Gizonezkoen Euskal Ligako 1. mailako sailkapen fasearen azken jardunaldia ere jokatu zen. Kanpanzar Arrasate hirugarren postuan dago, nahiz eta azken partida galdu zuen Elorrion. Getxok oraindik partida bat du jokatzeke Atletiko San Sebastianen aurka, eta irabaziz gero, Kanpanzar Arrasate aurreratu lezake sailkapenean.
Kasu horretan, Kanpanzar Arrasatek Elorrio izango luke aurkari igoera fasean. Elorriok uko egin dio zuzenean igotzeari, Espainiako Errugbi Federazioaren betebeharrak ez dituelako betetzen. Horregatik, Elorriok playoffa jokatuko du Uni Bilbo, Kanpanzar Arrasate eta Getxoren aurka. Kanporaketak maiatzaren 9 eta 16ko asteburuetan jokatuko dira.




