Eusko Gudarostearen sorreraren 90. urteurrena ospatzeko ekitaldia egin zen atzo arratsaldean Loiolan, Azpeitian. Ekitaldia Iraia Bereziartua biolin jotzailearen doinuekin hasi zen, eta Kandido Sasetaren omenez eta Eusko Gudarostearen sorrera gogorarazteko antolatu zen. Bertan, 30 bat lagun bildu ziren Loiolan dauden bi oroigarriren eta ikurrinaren inguruan.
Duela 90 urte, Bigarren Errepublikaren aurkako altxamendu militarrari aurre egiteko sortu zen Eusko Gudarostea hain zuzen ere Loiolan. Ekitaldian, Pello Elorza, Azpeitiko Uri Buru Batzarreko presidentea, izan zen hitza hartzen lehena. Euzkadi Buru Batzarraren 1936ko uztailaren 19ko adierazpena irakurriz hasi zuen bere diskurtsoa, EAJren jarrera errepublikanoa azpimarratuz. Gainera, gogora ekarri zuen Azpeitiko Udalak altxamenduaren aurka egindako bilkura ezohikoak eta Jose Antonio Oiartzabal alkateak eta ondoren Xiriako Agirrek hartutako jarrerak.
Elorzak azaldu zuen nola sortu ziren defentsa batzordeak herrietan altxamenduari aurre egiteko, eta herritarrek izena ematen zutela borrokan aritzeko. EAJk, giro nahasi hartan, herritarrei Loiolara joateko deia egin zien, eta horrela sortu zen gero Eusko Gudarostea izango zena. Bertan bildu ziren EAJren, ELA sindikatua izango zenaren, Euzko Nekazarien Bazkunaren eta beste hainbat erakunderen ordezkariak.
Maria Eugenia Arrizabalaga, Gipuzko Buru Batzarreko presidentea, izan zen jarraian hitza hartzen zuena. Hark "egia oinarri duen memoriaren beharra" aldarrikatu zuen eta gogorarazi zuen Eusko Gudarostea EAJren zuzendaritzapean sortu zela, "Espainiatik zetozen gerrari eta faxismoari aurre egiteko, Euskadi, gure askatasunak, gure herri izaera, gure hizkuntza eta demokrazia defendatzeko". Era berean, EAJ beti egon dela faxismoen eta totalitarismoen aurka adierazi zuen, bai frankisten, bai ETAren, eta baita egungo erregimen autoritarioen aurka ere.
“"Horrexegatik milaka gaztek eman zuten izena gure batzokietan, euren bizitzaren onenean frontera joateko prest; benetako gudariak, gazte abertzaleak eta demokratak ziren, eta dena eman zuten, baita euren bizitza ere, Euskadi eta ikurrinaren defentsan."
Ekitaldia lore eskaintza batekin eta Gora eta gora Euskadi ereserkia biolin doinuz lagunduta abestuz bukatu zen, mokadutxo batekin amaituz.




