Joan den martxoaren 26an, Elorrioko udalbatzak aho batez onartu zuen Eusko Jaurlaritzari eskaera egitea, udalerria etxebizitza merkatu tentsionatuaren eremu izendatzeko. Akordioa EH Bildu eta Podemos-Ahal Dugu taldeen aldeko botoekin eta EAJren abstentzioarekin atera zen aurrera, izendapen hori lortzeko bidean beste urrats bat emanez.
Udalak dagoeneko bidali dio Etxebizitza Sailari herriko etxebizitzaren egoerari buruzko diagnostikoa eta ekintza plana, izendapen hori lortzeko prozedura formala abiarazteko. Udal ordezkariek adierazi dutenez, diagnostikoak argi uzten du Elorrion etxebizitza merkatua ez dagoela orekatuta, eta ez duela bermatzen etxebizitza baldintza egokietan eskuratzea. Horrek erakusten du tentsio handiko bizitegi eremu izendatzeko eskaera datu objektibo eta neurgarrietan oinarrituta dagoela, ez arbitrariotasunean.
Landutako ekintza planak lau ardatz nagusitan antolatutako 26 neurri jasotzen ditu. Hauek dira ardatzak: alokairu eskuragarria sustatzea; etxebizitza parkeari eta hiri-birgaitzeari lotutako jarduerak; alokairurako prestazio eta dirulaguntza sistema; eta gobernantza eta erakundeen arteko koordinazio mekanismoak. Planak antzemandako desorekak zuzentzeko neurri zehatzak eta izendapenak indarrean iraungo duen hiru urteetarako garapen-egutegia ere zehazten ditu.
Udal ordezkariek azaldu dutenez, neurri batzuk dagoeneko martxan daude, baina beste batzuk tentsio handiko bizitegi izendapena lortu ondoren bakarrik ezarri ahal izango dira. Izendapen hau funtsezkoa izango da neurri esanguratsuak aplikatzeko, hala nola alokairu prezioen mugaketa, errentarientzako luzapenak ezartzea, jabe handien aurrean jarduteko neurriak edo etxebizitza publikoaren eskaintza handitzeko aukerak.
Orain, Eusko Jaurlaritzak aurkeztutako dokumentuak aztertuko ditu, eta ondoren Etxebizitza eta Hiri Agenda Ministerioari helaraziko dizkio, azken izendapena egiteko eskumena duen erakundeari.




