Ormaetxeak, txapelketaren garapenari buruz galdetuta, nabarmendu du muturreko beroa izan dela nagusi, garai honetarako ezohikoa. Hala ere, baldintza horiek kontuan hartuta, dena ondo joan dela adierazi du. Parte-hartzaileak bertaratu dira eta harmailetan jende ugari egon da. Atletismo federazioko arduradunak azaldu duenez, "zorabio txikiren bat edo beste izan dute atleta batzuek, baina, oro har, ez da bero-kolperik izan".
Arrasate Atletiko Taldeko kideen emaitzekin ere gustura agertu da. "Bero horrekin, ez zegoen baldintzarik markak hobetzeko, baina emaitza onak izan dira", esan du. Horren adibide, Oihan Zuluetak 200 metroko proban garaipena lortu du, 21.82 denborarekin.
Entrenatzaileak garrantzia eman dio Gipuzkoako Atletismo Txapelketa Mojategin egin ahal izateari. Hala ere, azaldu du hori gertatzen dela Anoetako pista itxita egoteagatik. "Ireki egongo balitz, urte osoan txapelketa bat edo bi izango genituzke hemen, eta ez bost, aurtengo moduan", adierazi du.
Gaineratu duenez, "teorian, Gipuzkoako txapelketa osoa hemen ezin dugu egin". Izan ere, asteburu honetan proba guztiak egin dituzte, jaurtiketa luzeak izan ezik, horiek Hernanin edo beste leku batzuetan egingo direla aurreikusten baita. "Hori da belar artifizialarekin dugun handicapa", esan du.
Azkenik, boluntarioen lanari balioa eman dio, "ezinbestekoa" dela azpimarratuz. "Guretzat, ezinbestekoa da egiten duten lan guztia. Lantalde zoragarria daukagu", esan du.




