Amorebieta-Etxanoko Udala k aurrera jarraitzen du gazteen parte-hartze aktiboaren aldeko apustuan, ZUOK programaren bidez. Ekimen honen helburua gazteei ahotsa ematea eta beren beharrei erantzungo dieten proiektu eta zerbitzuen diseinuan zuzenean inplikatzea da. Orain, ZUOK S[h]are ekimenarekin beste urrats bat emango du prozesuak, gazte zornotzarrei zuzendutako plataforma digital bat oinarri hartuta.
Plataforma berri honek gazteak izango ditu protagonista aisialdiko planak proposatuz, eta udalerrian antolatzen diren jarduerei eta aisialdiko planei buruzko informazioa eta agenda bilduko ditu. Horretarako, urriaren 22an, ostegunean, 18:00etan, Zelaieta Zentroan parte-hartze saio bat egingo da. Bertan, gazteek zerbitzua probatu eta hobekuntza proposamenak egiteko aukera izango dute.
ZUOK S[h]are ekimena, Arkalaz udal estrategiaren baitan Udalak 2024an abian jarritako ZUOK programaren emaitza da. 2025eko urrian antolatutako Hackathoi batean aukeratutako ideia irabazletik abiatuta garatu da. Orain, gazteei aurkeztuko zaie plataforma, haien ekarpenak jasotzeko eta tresna digital erabilgarri, hurbil eta praktiko bat eraikitzen jarraitzeko.
Topaketan, parte-hartzaileek plataformaren funtzionamendua ezagutu, edukiei eta funtzionalitateei buruzko iritziak partekatu eta hobetu beharreko alderdiak identifikatu ahal izango dituzte. Gainera, ginkana digital txiki bat egingo da, gazteek plataforma modu praktikoan erabili eta beren proposamenak argitaratu ditzaten.
Udalak gazte zornotzarrak animatu ditu topaketan parte hartzera, beren iritziak, ideiak eta proposamenak parteka ditzaten, tresna beren beharretara eta interesetara egokitzeko. Izena emateko, esteka honetan egin daiteke.




