Gazte Herexa elkarteak antolatutako mus txapelketa batekin inauguratu zen ofizialki astearte arratsaldean Zegamako Udalak utzitako lokala. Garai batean haurtzaindegi izandako espazioa da, eta herriko beste elkarte batzuekin partekatuko dute elkarte gazteak, beharren arabera.
Mus txapelketa astearte arratsaldeko beroaren eraginez ordubete atzeratu behar izan zen, eta 19:30ean hasi zen. Gazte ugari bertaratu zen ekitaldira. Alain Lukasek, Gazte Herexako kideak, azaldu duenez, duela bi urte luzatu zioten eskaera udalari. Aurretik kultur etxeko gela bat erabiltzen zuten, baina «uste genuen horrenbeste gazte mugitzen dituen elkarte batek lokal handiago bat beharko lukeela», adierazi du. Gaur egun, 15 eta 30 urte arteko 150 gazte inguru biltzen ditu elkarteak.
Pozik agertu dira lokal berriarekin, nahiz eta beste elkarte batzuekin partekatu beharko duten. «Bilera ezberdinak izan ditugu alkatearekin, zinegotziekin eta beste elkarteetako kideekin lokalaren kudeaketa nolakoa izango den erabakitzeko», esan du Lukasek. Lokal hau ez da gaztetxe bat izango, «ekintza jakin batzuk aurrera eramateko bilduko gara bertan», eta bilera zein biltegi gisa ere erabiliko da.
Lokalaren prestaketa ere elkarlanaren emaitza izan da. Denbora zeraman erabili gabe, eta azken hilabeteetan garbiketa, txukunketa eta ordena jartze lanak egin dituzte batez ere Gazte Herexa eta Karraztarro elkarteen artean.
Gazte Herexak urtean zehar ekintza ugari antolatzen ditu, hala nola Gabon eskea edo sagardotegira irteerak. Aurten, gainera, bi autobus atera ziren Azpeitiko festetara, 70 gazte inguru bilduz, eta beste herri batzuetako gazteekin elkarlanean antolatu zuten. Horrez gain, herritar guztiei irekitako lehen sorospenen ikastaroa antolatu dute lehen aldiz, eta Emakumeen Indarkeriaren Aurkako Eguna eta LGTBIQ+ Harrotasun Eguna bezalakoetan ere parte hartu dute beste elkarteekin batera.
Oraingo antolakuntza taldeak erreleboa pasako dio hurrengoari urrian, bi urteko ibilbidearen ondoren. «Guk jada ez dugu asko erabiliko antolatzaile bezala lokal hau, baina hurrena datozenei espazio bat utzi nahi genien lana egin ahal izateko eta elkarte honi behar duen bultzada hori emateko», adierazi du Lukasek.




