Garai Udalak Emaldirako bidean errepide bazterreko zangak konpondu eta margoketa lanak egin ditu. Datozen asteetan esku-hartze gehiago egitea aurreikusten du udalak, tartean, Aiartzako zati batean bide bazterreko zangak konponduko ditu eta San Juanetik Urienerako bidean kanal berriak eraikiko ditu.
Horrez gain, Etxeitarako artera doan errepidea zabalduko dute ibilgailuak gurutzatzea eta herritarren igarobidea errazteko. Udalak nabarmendu du auzotarren segurtasuna hobetuko dela lan horri esker, bereziki neguan.
Ez da Garai Udalak gisa honetako mantenu eta konponketa lanak egiten dituen lehenengo aldia. Agintaldi honetan zehar, 174.381 euro bideratu ditu errepideak konpontzera.
Aurretik, Beratuko bidea erabat konpondu du, zangak txukunduz, asfaltatuz eta babes hesiak jarriz. Era berean, Oiz mendirako errepide zatian asfaltatze lanak egin eta porlanezko xaflak konpondu ditu.




