EAJ k ohar baten bidez jakinarazi duenez, bihar egingo den Ezohiko Udal Osoko Bilkuran 920.491 euro ko kredituen judizioz kanpoko aitortza bat egingo da, "2025eko fakturak ordaintzera bideratutakoa". Jeltzaleek nabarmendu dute faktura horietako batzuk duela urtebete baino gehiago egindako jarduerenak direla.
Oposizioko taldeak udal gobernuaren kudeaketa ekonomikoa kritikatu du, "planifikazio falta kezkagarria" erakusten duelako eta "kalte larria" eragiten dielako "dozenaka enpresa, saltoki, profesional eta elkarteri".
Ander Larrinaga zinegotzi jeltzaleak adierazi duenez, ordaintzeke dauden faktura bakoitzaren atzean "enpresa, elkarte edo pertsona autonomo bat dago, bere lana bete duena eta epe barruan kobratzea merezi duena". Zerrendan hornitzaile handiak daude, hala nola, Iberdrola, Endesa, Euskaltel, Telefónica, Urbide edo IMQ, baina EAJk "bereziki larritzat" jo du zerrendan enpresa txikiak eta tokiko eragileak ere egotea.
"Bereziki kezkagarria da denda txikiak, familia-enpresak, kultura-elkarteak eta irabazi-asmorik gabeko kolektiboak egotea, hilabeteak baitaramatzate haientzat garrantzitsuak diren kopuruak kobratzeko zain", nabarmendu du Larrinagak. Kritikatu du ez dela koherentea "dominak jartzea eta tokiko merkataritzari, elkarteei eta hurbileko kulturari laguntzeko diskurtsoetan harrotzea, hilabetetan ordaintzeke dauden zorrak eta fakturak pilatzen diren bitartean".
Larrinagak beste datu bat ere eman du: Udalak 40 egun baliatu dituela urteko lehen seihilekoan faktura ordaintzeko, bataz beste. Iaz 23 egunekoa zen bataz besteko hori eta 2024an 18koa. Bozeramaile jeltzalearen aburuz, "joera agerikoa eta oso kezkagarria" da, eta "utzikeria argia" islatzen du, "legealdi osoan ikusten ari garen plangintza eta lan faltarekin bat datorrena".
EAJko kideek gogorarazi dute kontratu asko "lizitatuta eta aurrekontuan sartuta" egon beharko liratekeela, baina horietako batzuk ez direla lehiaketa publikora atera hiru urtetan. EH Bilduren gobernu taldeak ez ditu garaiz bultzatu kontratazio prozedurak, eta kontratuen bidez funtzionatzeak "gainkostu handia" dakarrela adierazi du Eva Marquinez zinegotziak.
Jeltzaleek uste dute egoera honek "Udalaren sinesgarritasuna eta irudia kaltetzen" duela, eta neurriak hartzea eskatu diote udal gobernuari.




