Aretxabaletako Udalak erabaki du arratoien aurkako tratamendu orokor eta indartsu bat egitea udalerri osoan, aprobetxatuz horretarako "garai egokia" dela. Udalak arratoien kontrolaren jarraipena egiten duen enpresa bat du kontratatuta, eta honek jakinarazi du "modu jarraituan" egiten dituztela tratamenduak. "Urtero balorazio-txosten bat egiten dugu, eta, horrez gain, hilero jarraipena egiten diogu gai horri. Azken txostenak dioenez, iaztik gutxitu egin da arratoi kopurua, baina errefortzu baten beharra duen zonaren bat baldin badago, kanpaina abiarazten dugu", azaldu du Ion Albizu, Udaleko Hirigintza zinegotziak.
Gainera, "herritarren kexak edo arratoiak ikusi diren lekuen inguruko abisuak" jasotzen dituztenean, "informazio hori enpresari helarazi eta beharrezkoa denean errefortzuko tratamendu puntualak" egiten dituztela adierazi du Udalak. Albizuk azpimarratu duenez, ardura eta helburu nagusia "arratoien koloniak kontrolpean mantentzea" da, izan ere, "arratoiak ez dira desagertuko, baina kopuruak mantentzea ezinbestekoa da".
Kanpaina, bereziki, "erreka inguruan" indartu da, baina "auzo guztietan" egin dituzte esku-hartzeak. "Urbanizazio zaharrek arratoiak izateko joera handiagoa dute. Gainera, Aretxabaleta erreka batek zeharkatuta egoteak ere areagotu egiten du kopurua", adierazi du Albizuk. "Tratamendu intentsibo horretan hainbat produktu eta osagai kimiko erabili dira, eraginkortasun handiagoa lortzeko, eta espero da datozen bi asteetan emaitzak nabarmen ikusten hastea", azpimarratu du Udalak.
Lan horietan diharduen enpresak ohartarazi duenez, halako tratamenduak egiten direnean "ohikoa" izan daitekeela lehenengo hamar egunetan "arratoi batzuk noraezean edo desorientatuta ibiltzea, pozoiaren eraginez". Horregatik, "datozen egunetan arratoi gehiago ikustea kalean" posible dela esan dute, eta "egoera hori tratamendu-prozesuaren parte da eta behin-behinekoa izatea espero da".
Udalak "eskerrak" eman dizkie herritarrei, "egoera ulertzeagatik".




