Gasteizko Gaztetxean hasiko da gaur arratsaldean, 17:00etan, Azpimarra irakurle taldeak antolatutako literatur jaialdiaren hirugarren edizioa. Ekitaldiak larunbat gauera arte luzatuko dira, eta egitarau zabala prestatu dute parte hartzaileentzat.
Taldeak bere burua "irakurle lanpetuon" gisa definitzen du, lan eta ikasketa bizien artean irakurtzeko kalitatezko tarteak aurkitzeko zailtasunari aurre egiteko modu kolektibo gisa. "Ezintasun batetik edo frustrazio batetik sortzen da Azpimarra, gehiago irakurri nahi izan baina ezin ahal izatetik", azaldu du taldeko kide batek. Taldeak elkar motibatzeko eta irakurtzeko grina pizteko espazio bat eskaintzen du.
“"Lanak eta ikasketek markatzen duten bizimodu frenetikoen erdian, askotan, zaila da kalitatezko tarteak aurkitzea irakurtzeko"
Taldean irakurtzeak, bakarkako ekintza izan arren, liburuei zuku gehiago ateratzeko eta eztabaida politiko zein bestelakoak lantzeko aukera ematen die. "Bakoitzak bere perspektibatik liburuan gauza ezberdinak azpimarratzen ditu edo gauza diferenteek deitzen diote atentzioa. Ikusten duguna da elkartzerakoan batak eta besteak daukan ikuspegi hori bateratuta guztiok bueltatzen garela beti etxera holako sentsazio batekin, liburua berriro irakurri izango bagenu bezala", adierazi du.
Aurten, jaialdia bi egunekoa izango da. Ostiralean, idazketa tailerrak izango dira fabulak idazteari eta bideo formatuko poesiari buruz, ondoren poesia mikro irekia eta Xak taldearen kontzertua. Larunbatean, bertsoak, ipuingintzari buruzko mahai ingurua Harkaitz Cano eta Eider Rodriguez ekin, Aner kantautorearen emanaldia, "Zuzenean teilatutik" poesia ekitaldia eta Koimbra taldearen debuta-kontzertua izango dira.
Egitarauaz gain, jaialdiak giro ona, aldarrikapen politikoak eta hausnarketarako tartea eskainiko ditu, baita ondo pasatzeko eta elkartzeko gunea ere. Helburua da literatura gustuko dutenentzat komunitate bat sortzea eta, oro har, edonorentzat erakargarri izan daitezkeen ekitaldiak eskaintzea, "mundu guztiarentzat giro eroso bat sortu nahi dugu pedantekeriarik gabe", azpimarratu dute.
Jaialdiaren izenak, "Poesia mailu bat da", literaturak mundua eraldatzeko duen gaitasuna aldarrikatzen du. Taldeak uste du "literatura konprometitu bat beharrezkoa dela gaur egungo mundu bortitz honen aurrean", eta arte politikoarekiko desprestigioari aurre egiteko, Gabriel Aresti ren figura erreferentetzat hartzen dute.




