Amorebieta-Etxanoko Udala k hamar lan-aukera eskainiko ditu Olentzeroren Baso Magikoaren funtzionamendurako. Parkea azaroaren 30ean irekiko ditu ateak Jauregibarrian, eta 16 eta 24 urte bitarteko zornotzar gazteak animatu ditu udalaren enplegu-poltsan izena ematera edo beren datuak eguneratzera, lan-aukera berriak eskuratu ahal izateko.
Parkeak, aisialdi-eskaintza berezia izateaz gain, herriko gazteentzako lan-aukerak sortuko ditu. Kontratatutako hamar gazteek hainbat zeregin izango dituzte: bi txarteldegian, hiru sarrerak kontrolatzen, bi ilaretan informazioa eta laguntza eskaintzen, eta beste hiru parkearen barruan pertsonen joan-etorria kontrolatzen. Parkea 2027ko urtarrilaren 6ra arte egongo da zabalik.
Ekimen hau Udalak gazteei lan-merkatuan sartzen laguntzeko egiten duen lanaren barruan kokatzen da. Gazteen Enplegu Poltsaren bidez, gazteek lan-esperientzia eskuratzea, trebetasunak garatzea eta lan-mundua gertutik ezagutzea sustatu nahi du Udalak. Iaz martxan jarritako poltsa honi esker, 60 gaztek baino gehiagok izan dute lan-esperientzia udalerriko jardueretan parte hartuz.
“"Gure gazteek lanean hasteko, esperientzia eskuratzeko eta lan-munduan lehen urratsak emateko aukerak izatea nahi dugu, horretarako herritik kanpora joan beharrik izan gabe. Orain, Gabonetako parkearekin, hamar gaztek gure herriarentzat berezia den proiektu batean parte hartzeko eta beren lan-ibilbidean esperientzia berri bat gehitzeko aukera izango dute."
Udalak gogorarazi du Gazteen Enplegu Poltsa 16 eta 24 urte bitarteko zornotzarrei zuzenduta dagoela. Izena eman ez dutenei bertan parte hartzeko deia egin die, eta dagoeneko izena emanda dutenei beren curriculuma edo prestakuntza eguneratzeko aukera eskaini die.




