Datorren irailaren 22tik aurrera, Amorebieta-Etxanok asteko merkatu berri bat hartuko du, Gure Lurreko Merkatua izenekoa. Ekimen honen helburua tokiko produktuen kontsumoa sustatzea, zuzeneko salmenta erraztea eta herritarrei kalitatezko eta sasoiko elikagaiak hurbiltzea da, lehen sektorea indartuz.
BIZKAIMENDI Bizkaiko Landa Garapeneko Elkarteen Federazioak bultzatutako ekimena da, eta 2014tik Bizkaiko hainbat udalerritan garatzen ari den merkatu eredu bat da. Amorebieta-Etxanon, Urkiola Landa Garapen Alkarteak, Amorebieta-Etxanoko Udalak eta tokiko ekoizleek elkarlanean sortu dute espazio hau, lehen sektorearen eta kontsumitzaileen beharrei erantzuteko.
Azoka asteaztero izango da, 17:00etatik 20:00etara, Zelaietako estalpean. Lehen hitzordua, beraz, irailaren 22an izango da. Ekimenak tokiko produktu osasungarri eta sasoikoen erreferentzia-gune bihurtu nahi du, eta, aldi berean, herritarren, ekoizleen eta landa-ingurunearen arteko harreman berriak sortu.
Merkatuaren helburu nagusietako bat tokiko produktuak zuzenean eta bitartekaririk gabe merkaturatzen laguntzea da. Horrela, jarduera errentagarriagoa eta iraunkorragoa egitea bilatzen da, nekazaritza- eta abeltzaintza-sektorearen bideragarritasun ekonomikoa indartuz. Amorebieta-Etxanoko alkateak azpimarratu duenez, "lehen sektorea udalerriko egunerokora hurbildu nahi dugu eta zornotzarrek tokiko produktuak ohiko moduan kontsumitu ahal izatea erraztu nahi dugu. Baina, batez ere, gure baserritarren eta ekoizleen lana jarri nahi dugu balioan".
Alkateak gaineratu duenez, asteroko maiztasunak ekoizleen eta kontsumitzaileen arteko harreman egonkorragoa finkatzea ahalbidetuko du: "Ez dugu hitzordu puntual bat izatea nahi, udalerriko bizitzaren parte den espazio bat izatea baizik. Erosteko leku bat izatea, baina baita produktu bakoitzaren atzean nor dagoen, nola ekoizten den eta kontsumitzen ditugun elikagaien atzean dagoen lana ezagutzeko espazioa ere".
Erramun Osa, Urkiolako Landa Garapen Alkarteko presidenteak, azpimarratu duenez, "ekoizleak eta kontsumitzaileak zuzenean harremantzeko gunea sortzea da Gure Lurreko Merkatuaren balio handienetako bat". Harreman honek produktua ezagutzea eta atzean dagoen lana ulertzea ahalbidetzen du, baita landa-ingurunea mantentzeko lehen sektoreak duen garrantzia aitortzea ere.
Merkatu berria zortzi posturekin hasiko da, bertako ekoizleei lehentasuna emanez eta eskaintza Bizkaiko beste udalerri batzuetako ekoizleekin osatuz. Parte hartuko duten ekoizleen artean daude: Ibarra Baserria (barazki ekologikoak), Amorebieta-Etxano Iraunkor Elkartea (Km0 eta produktu ekologikoak), Errotik Gaztaie (behi-gazta eta jogurt ekologikoak), Lusuri Gazta (ardi-gazta), Urigoitiko Txorizoak (txorizoa eta txerriki produktuak), La Gilda del Norte (gildak eta piparrak), Daonaz (baratxuri beltz ekologikoa) eta Orbe Goikoa Baserria (ogia eta artisau-gozokiak).
Herritarrek erosotasunez joan ahal izateko, Zelaietako aparkalekuak 150 plaza ditu, eta lehenengo hiru orduak doakoak dira. Ekimen honek udalak tokiko merkataritzarekin eta gertuko produktuen kontsumoarekin duen konpromisoa indartzen du.




