Deialdi honen helburua nazioarteko izaera duten kirol ekitaldiak sustatzea da. Zehazki, Federazio Internazionalen, Europako Federazioen edo Liga Profesionalen egutegi ofizialean dauden probak finantzatuko dira. Ez dira diruz lagunduko erakustaldiak edo ikuskizun hutsak.
Parte-hartze baldintzei dagokienez, lehiaketek gutxienez bi herrialdetako kirolarien presentzia bermatu beharko dute. Mundu mailako proben kasuan, bi kontinente baino gehiagotako kirolariek parte hartu beharko dute. Zirkuitu edo liga formatuko ekitaldiek, berriz, gutxienez bi herrialdetan antolatu beharko dira.
Modalitate zehatzetarako irizpideak ere ezarri dira. Tenisean, ATP, Europako Federazioa edo Ezintasunen bat dutenentzako Nazioarteko Federazioaren egutegiko probak onartuko dira. Surfean, ASP, Europako Federazioa edo Nazioarteko Elkartearen egutegikoak, eta boxeoan, nazioarteko titulu ofizialak lortzeko aukera ematen dutenak.
Eskaerak aurkezteko epea Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian deialdia argitaratu eta hurrengo egunetik hilabetekoa izango da. Iaz, 35 proba babestu ziren, besteak beste, Zegama-Aizkorri maratoia edo Durango-Durango Emakumeen Saria.




