Gertu merkatarien eta ostalarien elkarteak antolatutako Braderie azokak herriko 28 saltokiren parte hartzea izango du datorren asteburuan. Ekitaldiak ostiral goizetik larunbat iluntzera bitartean iraungo du, eta saltokiek beraien ohiko ordutegian zein larunbatean zehaztutako ordutegian (10:00-14:00 eta 16:00-20:00) emango diete zerbitzua bezeroei.
Azokara bertaratzen direnen artean, 500 euro zozkatuko dituzte Gerturen erosketa txarteletan. Horrez gain, ekitaldia girotzeko eta kaleak dinamizatzeko hainbat ekintza antolatu dira.
Ostiralean, 17:30ean, ipuin kontalariaren saioa izango da Erribera kalean. Larunbatean, berriz, umeentzako talo tailerra egingo dute 11:00etatik aurrera, Amaiako plazan. 12:00etatik aurrera trikitilariak arituko dira kalez kale, eta arratsaldean, 18:30ean hasita, kale erromeria izango da Kaletriken eskutik.




