Oiartzungo Udala eta herriko hamar eragilek, tartean Elika kooperatiba, Arraztalo kontsumo taldea eta Haurtzaro ikastola, Aroa dekalogoa adostu eta aurkeztu dute. Dokumentuak Oiartzunek trantsizio ekosozialari heldu behar diola jasotzen du, klima larrialdiari eta egungo sistema ekonomiko eta energetikoaren mugei aurre egiteko. "Etorkizuneko Oiartzun eraikitzeko bide-orria, aro berri baterako iparrorratza" definitu dute sinatzaileek.
Dekalogoa babestu duten eragileek adierazi dute trantsizio ekosoziala erpin asko dituen gaia dela, eta Oiartzunek badituela jada hainbat oinarri sendo, hala nola naturaren babeserako neurriak, uraren kudeaketa propioa eta birziklapen tasa handiak. Hala ere, erronka potoloak ere baditu, hala nola autoaren erabilera handia eta kontsumo eredu jasanezina.
Horrela, Oiartzun bizigarriagoa eta jasangarriagoa eraikitzeko hamar oinarri ezarri dituzte: energia berriztagarriak, garraio jasangarria, kontsumoa gutxitzea, tokiko ekoizleak eta ekoizpena, merkataritza txikia, burujabetza, zaintza, komunitatea, aukera berdintasuna eta erresilientzia. "Aroa dekalogoaren sinatzaileok gure herriko trantsizio ekosozialaren zehar lerroak adostu ditugu, eta elkarlanean, herri gisa eta modu parte-hartzailean horiek babestu zein bultzatzeko konpromisoa hartzen dugu", adierazi dute.
Energia berriztagarriei dagokienez, eztabaida ez dela beharrezkoak diren ala ez, baizik eta nola antolatu behar diren azpimarratu dute. Irabazi asmorik gabeko erakundeetara eta entitate publikoetara pasatzeko plangintza bat egitearen alde agertu dira, eta Aiako Harria inguruko Repsolen proiektu eolikoekiko mesfidantza adierazi dute, ingurumenari eta herritarren interesei kalte egin diezaieketelakoan.
Aroa dekalogora nahi duen oro batu daiteke oiartzunburujabe.eus webgunearen bitartez. Datozen hilabeteetan bi hitzaldi antolatu nahi dituzte, eta aurrerago emango da xehetasunen berri.
Aurkezpena Arditurrin egin dute, "aro aldaketa bat sinbolizatzen duen" eremu bat aukeratuz. "Iragan industriala duen eremua naturan integratu da, trenbidea bidegorri bihurtu da, eta gaur egun, Aiako Harriaren magalean, natur parke baten parte, gure ondarearen zati eta aisialdirako zein gure ongizaterako arnasgune da", azaldu dute sinatzaileek.




