Lezon ospatu den ekitaldian, ikasleek ikasturtean zehar garatutako jarduerak, martxan jarritako praktika onak eta jasangarritasunaren inguruan ikasitakoa partekatzeko aukera izan dute. Eguneroko keinu txikiak, hala nola argiak behar ez direnean itzaltzea edo ura alferrik ez galtzea, ingurumenarekiko kontzientzia eta ohitura arduratsuak lantzeko garrantzi handia dutela nabarmendu dute.
Ikasleek parte-hartze aktiboa izan dute proiektuan, ikastetxe bakoitzean osatutako energia-taldeen bidez. Talde horietan, irakasleekin, atezainekin eta hezkuntza-komunitateko beste kide batzuekin elkarlanean aritu dira ikastetxeetako energia- eta ur-erabilera aztertzen eta baliabideak arduraz erabiltzeko proposamenak landu eta praktika jasangarriak ezartzen.
Eguzkiaren argi naturala baliatzea, gelak behar bezala aireztatzea, argiak eta gailu elektrikoak itzaltzea, erradiadoreak behar bezala erabiltzea, dutxetako uraren tenperatura eta iraupena doitzea, eta ur txorrotak beharrezko denbora soilik izatea dira ikasleek proposatutako praktika onetako batzuk. Horrez gain, komunikazio kanpainak eta aurrezpenak lortzeko edo arazoei aurre egiteko estrategiak ere landu dituzte.
Ekitaldian izan ziren Teo Alberro, Pasaiako Alkatea; Iraitz Pazos, Ingurumen zinegotzia; Naroa Zabala eta Yolanda Martin (Errenteriako udaletik); Ainara Lasarte (Oarsoaldea Garapen Agentziako Hiri Berriztapen, Mugikortasun eta Energia Saileko zuzendaria); Gloria Vázquez (Gipuzkoako Foru Aldundiko Jasangarritasun Departamentuko Ingurumen Administrazioko zuzendaria); Xabier Sesma (Oarsoaldeako jasangarritasun-teknikaria eta proiektuaren dinamizatzailea); eta Nerea Ibáñez (Arazi ingurumen-aholkularitzako ordezkaria). Era berean, Errenteria, Lezo, Oiartzun eta Pasaiako udaletako ordezkariak eta teknikariak, eta proiektuan parte hartu duten ikastetxeetako ikasleak eta hezkuntza-komunitateko kideak bertaratu ziren.
50/50 proiektua hezkuntza-komunitatean energia eta uraren erabilera arduratsua sustatzeko ekimena da, ingurumen-hezkuntza, ikasleen parte-hartzea eta eguneroko ohituren inguruko hausnarketa uztartuz. Helburua da ikasleek baliabideen erabilera ezagutzea, kontsumo-ohiturei buruz hausnartzea eta ingurumenaren zaintzarekin lotutako erabakiak hartzen ikastea, ezagutzak eguneroko bizitzara eramanez.




