Usurbilgo Udalak bideo-aktak ezarri ditu osoko bilkuretarako, irisgarritasuna hobetuz

Herritarrek Usurbilgo Udaleko osoko bilkuren edukiak lau hizkuntzatan azpititulatuta eta puntuka sailkatuta ikusi ahal izango dituzte.

Irudi generikoa udalbatzar areto moderno batekoa, pantaila batekin eta mikrofonoekin.
IA

Irudi generikoa udalbatzar areto moderno batekoa, pantaila batekin eta mikrofonoekin.

Usurbilgo Udalak bideo-aktak ezarri ditu osoko bilkuretarako, herritarrek erabakiak modu irisgarriagoan ezagutu ditzaten, digitalizazioan aurrera eginez.

Iaztik, Usurbilgo Udaleko osoko bilkurak zuzenean jarraitu daitezke telematikoki, bai ohikoak bai ezohikoak, Udalak Youtuben duen kanalean. Orain, Udalak urrats berri bat eman du bilkuretan hartutako erabakien berri herritarrei modu irisgarriagoan helarazteko, alor honen digitalizazioa sakonduz.
Horretarako, bideo-akten tresna berria abiarazi du. Tresna honek osoko bilkuretako edukiak sailkatuta erakusten ditu, puntuka eta hizlariak zehaztuta, eta gainera, lau hizkuntzatan azpititulatuta eskaintzen ditu. Udalak Goiena enpresa kontratatu du tresna hau inplementatzeko, alor honetan esperientzia handia baitu.

Osoko bilkurako edukiak sailkatuta erakusten ditu, puntuka eta bakoitzean parte hartzen duten hizlariak zehaztuta, eta, horrekin batera, lau hizkuntzatan azpititulatuta.

Prozesua honakoa da: Udalak bilkuren bideoak grabatu eta Goienaren esku uzten ditu, bideo-akta formatua eman diezaien. Horrela, aurrerantzean, bilkurak egin eta egun batzuetara udalaren webgunean ikusgai egongo dira. Adibidez, otsailaren amaierako eta martxoaren 26ko saioetako bideo-aktak dagoeneko eskuragarri daude Usurbilgo Udalaren bideo-akten atarian.
Tresna berri honek aukera ematen die erabiltzaileei bilkura osoa edo puntu zehatz batzuk ikusteko, baita puntu bakoitzean hitz egiten duen hizlariaren arabera sailkatuta ere. Bideoak azpititulurik gabe edo azpititulatuta ikus daitezke, euskaraz, gaztelaniaz, ingelesez eta frantsesez. Azpitituluak itzultzaile automatikoen bidez sortzen dira, bideoaren audioa transkribatu ondoren, irakurketa erosoa eta irisgarria bermatzeko.
Udal gobernu taldeak adierazi duenez, urrats hau "kide anitzeko organoen funtzionamendu elektronikoaren ordenantzari" eta "Udala, gertu misioari" jarraiki eman da, "bideo grabazio huts izatetik, bideo aktarako jauzia egitea" helburu hartuta.