Ziklo hau apirilaren 15ean hasi zen Sutegi n, Hil Arte Bizi egitasmoaren sortzaile baten eskutik. Azarora arte luzatuko den programazioak heriotzaren gaia ikuspegi anitzetatik aztertuko du, hala nola kulturartekotasunetik, gurasotasunetik, literaturatik eta zaintza paliatiboetatik.
Heriotzak gaztetasuna kolpatzen duenean: agur kolektiboak eta komunitatearen babesa.
Maiatzaren 7ko saioa, Sutegi n arratsaldeko 18:00etan, Bidegin elkarteko kide batek gidatuko du. Bertan, gazte garaian gertuko heriotza traumatikoren bat bizi izandako hiru herritarren testigantzak entzun ahal izango dira. Solasaldian, agur kolektiboen eta komunitatearen babesaren garrantzia azpimarratuko da halako ezbeharren aurrean.
Zikloak aurrera jarraituko du maiatzaren 28an zaintza paliatiboei buruzko hitzaldi batekin, ekainaren 11n Iñurri elkartearen zuzeneko podcast batekin, irailaren 22an heriotza eta literatura uztartuko dituen solasaldi batekin, urriaren 18an seme-alaben galeraren dolua aitaren ikuspegitik aztertzen duen dokumental baten proiekzioarekin, eta azaroaren 5ean heriotza eta kulturartekotasuna gaia jorratuko duen solasaldi batekin.




