Usurbil F.T.-k, bere 50. urteurrena dela eta, ospakizun ziklo baten baitan, 'Usurbil Cup Remember' ekimena berreskuratu du. Horren harira, futbol topaketa jendetsua antolatu zen apirilaren 11ko larunbat goizean Haranen, non futbolari kopuru handia bildu zen. Goizeko 9:30 etatik eguerdira arte, hiru neurketa jokatu ziren aldi berean, lagunarteko giroan, garai bateko futbol taldeen bilguneek sustatutako txapelketen antzera.
Ekitaldiaren iraupenean, euri zaparrada labur bat izan ezik, eguraldi ona izan zen nagusi. Topaketak dinamika bizia izan zuen, neurketa motzak eta parte-hartzaile guztien inplikazioa bermatuz. Arratsaldean, Usurbil F.T.-ren 50. urtemugako ospakizun zikloak aurrera jarraitu zuen, 16:00 etan Haranen mus txapelketa batekin, zeinaren izen-ematea ordu erdi lehenago ireki zen.
Klubak ekainaren 27rako egun osoko jaialdi bat prestatzen ari da, mende erdia ospatzeko egun nagusia izango dena. Antolatzaileek adierazi dutenez, "klubarentzat egun handia izango da. Goizeko ekintzetatik hasi eta gaueraino, gelditu gabe jarduera ezberdinak" antolatuko dituzte. Nahiz eta egitaraua guztiz zehaztu gabe egon, bazkari bat antolatuko dela baieztatu dute, eta horretarako ohar bat kaleratu dute.
“"Etorriko den jende kopurua jakin nahi dugu, antolatzen jarraitzeko."
Bazkarirako leku kopurua mugatua izango denez, izena ematen lehenengoak direnek izango dute lehentasuna. Horregatik, aurrez izena emateko epealdia ireki da, eta galdetegi bat osatu beharko da maiatzaren 3a baino lehen. Galdetegia betetzen dutenek email bat jasoko dute, izen-emate ofiziala lehenago egiteko aukera emanez. Bazkarira 16 urte edo gehiago dituztenek joan ahal izango dute, gurasoekin ez bada. Ordainketak izen-emate ofiziala egitean bideratuko dira. Aurre-inskripzioekin aforoa betetzen ez bada, soberan dauden eserlekuak edonorentzat libre egongo dira.




