Sara Escudero Mujika legazpiarrak Gazteen Mailako Aurresku Txapelketa Nagusiaren A saileko txapela eskuratu du. Atzo goizean ospatu zen txapelketaren zortzigarren edizioa Errenteriako Niessen aretoan, eta Sustraiak dantza taldeko gazteak 11 dantzariren aurretik sailkatu zen. Gainera, 2025-2026ko Aurresku Txapelketako ligako irabazle ere izan da.
Garaipen honekin, Escuderok 2025-2026ko Aurresku Txapelketako irabazlearen oroigarria, VIII. Gazteen Mailako Aurresku Txapelketa Nagusiaren txapela, makila eta trofeoa jaso zituen. Bere irakasle Naroa Sanchez Rodriguezek ere oroigarri bat jaso zuen.
Sara Escudero Mujika (Legazpi) A sailaren irabazlea izan da.
B sailean, Yisha Wang Xu legazpiarrak bigarren postua lortu zuen, Lur Lacasta Santisteban lezotarraren atzetik. Maila honetan ere hamabi dantzarik parte hartu zuten.
Beste bi goierritarrek ere emaitza aipagarriak lortu zituzten: A sailean, Laia Illarreta Lopez legorretarra hirugarren izan zen, eta B sailean, Haizea Arin Conde ataungoa ere hirugarren postuan sailkatu zen.




