Errenteriako Udalak gaur jarri du martxan Pontika auzoa eta Beraungo Luis Mariano plaza lotzen dituen hiri-igogailu berria. Obra honek, 1.181.070,47 euroko aurrekontuarekin, lehen faseari erantzuten dio eta oinezkoentzako ibilbide irisgarria ere egokitu du. Konexio berri honek Pontikatik Galtzarabordako Euskotren geltokira edo udal Euskaltegira iristea erraztuko du.
Bigarren fasea lizitazio-prozesuan dago jada, eta honek Igantzi eta Pontika arteko oinezkoentzako ardatza erabat osatuko du. Bigarren fase honen aurrekontua 1.691.618,64 eurokoa da, eta lanek 14 hilabeteko iraupena izango dutela aurreikusten da.
Bestalde, gaurtik aurrera hiri-igogailuen funtzionamendu-ordutegia luzatuko da. Igogailuak 05:00etan hasiko dira funtzionatzen (orain arte 06:00etan) eta asteburuetan zerbitzua goizaldeko 03:00ak arte luzatuko da (orain arte 01:00ak arte). Horrela, ohiko ordutegia 05:00-01:00 izango da, eta asteburuetan 05:00-03:00.
Datorren astelehenean, azaroaren 2an, mantentze-lanak egingo dira Sorgintxulo behean kokatuta dagoen hiri-igogailuan. Zerbitzua 08:00etatik 15:00etara egongo da etenik, zerbitzuaren segurtasuna eta kalitatea hobetzeko.




