Lezo Institutua ko ikasleek ikasturtean zehar egindako lana aurkeztu dute aste honetan Lezoko Udalean. Agenda 2030 programaren barruan, Garapen Jasangarriko Helburuak landu dituzte, eta hainbat proposamen egin dituzte herriko gune desberdinak hobetzeko. Topaketa hau Ingurumenaren Nazioarteko Eguna baliatuz egin da.
Ikasturtean zehar, Aranzadi Zientzia Elkartearekin batera Altamira parkeko zuhaitzak identifikatu dituzte. Gainera, Bakeola Fundazioarekin lankidetzan, familien eta ikasleen inplikazioa indartu dute. Era berean, Altabirako egunaren balorazioa egin dute, eta adierazi dute «era eraginkor eta polita» dela institutua herriraino hurbiltzeko eta lezoarrei ikasleen lana erakusteko. Jarduera datorren ikasturtean ere errepikatzeko asmoa iragarri dute, eta Udalak «pozik» hartu du ekimena.
Bestalde, herriko hainbat gune aztertu dituzte eta hobekuntza proposamenak landu dituzte. Horrela, parkeetan, gune berdeetan eta beste espazio batzuetan erabilera, zaintza, irisgarritasun edo segurtasunaren inguruko proposamenak aurkeztu dituzte.
Udaleko ordezkariak ikasleen ekarpenak eskertu dituzte. Hainbat proiektu martxan daude, baina beste batzuk etorkizunerako kontuan hartzeko oharrak hartu dituzte. «Ikasleek ikasturte osoan egindako azterketak eta lanak udalean aurkeztea oso baliagarria da, baita Lezoko Udalak herriaren beharrak identifikatu eta hobetzen jarrai dezan», adierazi dute Udaletik.
Aurkezpenaren ondoren, Udalak eta Lezo Institutua k datorren ikasturtean ere lanean jarraitzeko konpromisoa hartu dute, Eskolako Agenda 2030 lantzeko eta Garapen Jasangarriko Helburuak lortzeko.




