Lezoko herritarrek bigarren batzar bat deitu dute datorren ostegunerako, irailak 3, Pasaiako portuan izandako suteekin eta portuko jardueren ondoriozko kalteekin nazkatuta. Herritarrek lehen batzarra egin zuten atzo, eta mobilizazioak antolatzen hasi dira Lezo, Pasaia eta inguruko herrietako bizilagunak, portuko jardunak osasunean eta ingurunean dituen kalteekin duten haserrea adierazteko.
Batzarra irekia izango da, eta ondoren, kalejira zaratatsua egingo dute herriko kaleetan barrena. "Osasuna eskubide" eta "Portu zikinik ez" leloekin kalera aterako dira, beraien aldarrikapenak plazaratzeko.




