Lezoko Udala k eta bertako mugimendu feministak, beste hainbat eragilerekin elkarlanean, egitarau berezia antolatu dute datorren azaroaren 25ean ospatuko den Emakumeen Aurkako Indarkeria Desagerrarazteko Nazioarteko Eguna dela eta. Ekimen hauen helburua indarkeria matxista gaitzestea, herritarren kontzientziazioa sustatzea eta berdintasuna aldarrikatzea da.
Antolakuntzako kideek adierazi dutenez, “Matxismoaren itzala oso zabala da eta gaitz hori salatzea, borrokatzea eta pertsona ororen kontzientziatan presente egon dadin beharrezkoa da. Urruti gabe, Lezon 2025ean indarkeria matxistari aurre egiteko 26 laguntza-eskaera egon ziren eta ezin dugu ahaztu denon ardura dela berdintasuna bermatzea. Ez dugu isilik geratu nahi, bete ditzagun gure kaleak, balkoiak eta ahotsak elkartasunez”.
Egitarauaren barruan, azaroaren 23tik 29ra bitarte, zapata gorriak jarriko dira herriko merkataritza-establezimenduetan, eta herritarrei euren etxeetako balkoi eta leihoetan zapi gorriak zintzilikatzeko deia egin diete. Azaroaren 25ean bertan, elkarretaratzea eta ekitaldia egingo dituzte Gurutze Santuaren plazan, 19:00etan. Antolatzaileek herritarrak zapi gorria jantzita bertaratzera gonbidatu dituzte.
Egun horretaz gain, beste bi hitzordu antolatu dira: azaroaren 26an, 18:30ean, ‘Indarkeria matxista eta adineko emakumeak’ hitzaldia izango da Kultura Aretoan; eta azaroaren 29an, 19:30ean, ’Melon Pelado’ antzezlana eskainiko da Gezala Auditoriumean.
Horrez gain, azaroan zehar, Lezoko Emakume Taldearekin elkarlanean, indarkeria matxistaren inguruko sentsibilizazio-kanpainak egiten hasiak dira gazte eta haurrentzako egitasmotan, hala nola Ludotekan, Kuadrillategin eta Faktorian.
Miren Ormazabal zinegotziak dei egin die herritarrei egunean bertan aldarrikapenekin bat egin eta ekintzetan parte hartzeko. “Berdintasuna denon ardura da, Lezon ere argi utziko dugu indarkeria matxistak ez duela lekurik gure kale, etxe edota harremanetan”, adierazi du. Era berean, udal ordezkariak eskerrak eman dizkie antolakuntzan parte hartu duten eragile guztiei.




