Matrikulazio prozesua Udarregi ikastolan bideratu beharko da, Gernika ibilbidea 11n. Familiek Usurbilgo Udalaren eskaera inprimakia betez egin ahal izango dute izen-ematea. Informazio gehiago lortzeko, 943 36 12 16 telefono zenbakira deitu edo haurreskola@udarregi.eus helbidera idatzi daiteke.
Deialdia 2025ean eta 2026an jaiotako haurren gurasoei edo legezko tutoreei zuzenduta dago. Kanpaina honen barruan, ate irekien jardunaldi bat antolatu da apirilaren 21ean, asteartea, arratsaldeko 17:30ean, egitasmoa ezagutzera emateko.
“"Maiatzaren 1etik 10era jaiotako haurrek maiatzaren 20ra arte eman ahalko dute izena."
Aurreko ikasturtean matrikulatuta dauden haurrek ez dute berriz ere eskaria egin behar, beren plaza automatikoki bermatzen baitzaie, betiere dauden haurreskolan eta ordutegian. Bestalde, 2026ko irailean ikasturtea hasten den egunean haurreskola erabili nahi dutenek epe honetan matrikulatu beharko dute. Beranduago hasteko asmoa dutenek ezingo dute epe honetan izena eman eta ez zaie plazarik erreserbatuko. Kasu horietan, 2026ko irailetik 2027ko apirila bitartean, partzuergoko haurreskoletan hilero irekiko da izen-ematea, baldin eta plazak libre badaude.
Udalak ohartarazi duenez, ikasturtea hasita haurreskolaren zerbitzuaren beharra aurreikusten bada, matrikulazio garaian harremanetan jartzea gomendatzen da, epez kanpoko izen-emateei ezin baitzaie plaza bermatu.
Udalerria haurreskola Partzuergoan sartzeko bidean dago. Aldaketarik ezean, irailetik aurrera, zerbitzua bertan integratuta eskainiko da. Gaur egun, oraindik udal haurreskola denez, aurtengo izen-ematea Udalak deitu du. Gainera, Kalezarko eraikina eraberritzekoa da, eta bitarte horretan, Agerialdeko eraikinean eskaintzen ari dira haurreskola zerbitzua.
Datorren ikasturtean, guztira, 42 plaza eskainiko dira: 16 0-1 urte artekoentzat eta 26 1-2 urte artekoentzat. Plaza horiek moldatu ahal izango dira sortzen diren beharrei erantzuteko, eta zerbitzua doakoa izango da. Egutegiari dagokionez, zerbitzua irailaren 4tik uztailaren 31ra arte eskaini ahal izango da, guztira 196 egunetan. Udalak, senideek eta hezitzaileek osatutako jarraipen batzordeak adostuko du egutegia eta proposamena Haurreskolak Partzuergoari helaraziko dio.
Ordutegia ere zehaztuta dago, gehienez zortzi orduz egon ahal izango dira haurrak. Bi ordutegi mota eskainiko dira, sarrera eta irteera malgutasunarekin: goizeko ordutegia (7:30etik 14:00etara) eta egun osoko ordutegia (7:30etik 16:00etara). Haurrei hilero gutxienez %80ko asistentzia eskatuko zaie. Partzuergoak bi aukera eskainiko ditu janariarentzat: familia bakoitzak etxetik eramatea edo catering zerbitzua, bideragarria bada. Lehen aldiz bertaratzen diren haurrek hamar laneguneko egokitzapenaldia izango dute gutxienez, haurreskolarekin adostutako orduetan. Informazio gehiago usurbil.eus/eu/haur-eskola webgunean aurki daiteke.




