Aurtengo Sagardo Egunaren aurkezpena, ostegunean egindakoa, xumea eta emozioz betea izan zen. Ekitaldia Foru plazan egin zen, eta bertan iragarri zen apirilaren 25ean, eguerdiko 12:00etan, hasiko dela jaia leku berean. Antolatzaileek adierazi zutenez, "bitarte horretan dultzaineroak, trikitilariak, txistulariak, dantzariak, txalapartariak, bertsolariak eta gehiago izango dira giroa hobetzen".
Arratsaldean ere izango da mugimendua, tradizioari jarraituz. 18:00etan Zumardian arratsaldeko txotxa egingo da, non Euskal Herriko hainbat sagardogileren azken uzta dastatu ahal izango den. Parte-hartzaileek edalontziaz gain, pintxoa, leporako zapia eta sagardotegi batean bazkaltzeko zozketa-zenbakia jasoko dituzte.
Euskaldunon ohiturari, azturari, usadioari, tradizioari heldu diogu eguna antolatzeko. Zerk egiten gaitu euskaldun? Hizkuntzak, euskarak. Izan dadila usadio, ohitura, aztura gure arteko harremana; euskaraz, noski.
Antolatzaileek euskara eta errespetua azpimarratu zituzten ekitaldiaren ardatz gisa. Euskararen garrantzia nabarmendu zuten euskaldunon identitatearen oinarri gisa, eta harremanetan euskara erabiltzeko deia egin zuten. Horrez gain, errespetua ezinbestekoa dela gogorarazi zuten, eta "ez dugu inongo eraso sexistarik onartuko, ezta apirilaren 25an ere" adierazi zuten, lanean ari direnekiko eta elkarrekiko zaintzarekiko errespetua azpimarratuz.
Aurkezpen ekitaldian, Egi-Luze eta Donosti Sagardotegiak omendu zituzten, Sagardo Egunaren antolaketan urteetan zehar egindako ekarpenagatik. Antolatzaileek esker ona adierazi zieten Joakin, Pili, Eli, Jokin eta Donosti Sagardotegiko gainerako kideei, auzolanean, koherentzian eta euskaltzaletasunean eredu direla azpimarratuz. Era berean, Antton, Peio, Joxeluis, Joxemari, Mariangeles, Mariaxun eta Anamari, Egi-Luze sagardotegiko anai-arrebak ere goraipatu zituzten, haien ilusioa, prestutasuna eta eskuzabaltasuna aitortuz. Omenaldi gisa, txotx bat egin zen Foru plazan, bertso eta aurresku batekin lagunduta, bi sagardotegi horien lana ezinbestekoa izan dela gogoratuz Errenteriako Sagardo Eguna aurrera ateratzeko.




