Errenteriako Udalak eraikinak kontserbatzeko eta birgaitzeko laguntzen deialdia ireki du, Etxebizitza Planaren hiri-berroneratzeko estrategiaren barruan. Deialdiak 150.000 euro ko diru-zuzkidura du eta jabeen erkidegoei eta higiezinen titularrei zuzenduta dago.
Udalak azpimarratu du Errenteriako eraikin gehienek 50 urte baino gehiago dituztenez, Eraikinen Ikuskapen Teknikoa (EIT) egitea funtsezkoa dela haien egoera ezagutzeko. Horregatik, ikuskapen horiek egiteko laguntzak mantendu dira udalerri osoan, landa-eremuko eraikinak barne. Era berean, EITaren ondoriozko obrak egiteko laguntzak eskatu ahal izango dituzte 12 etxebizitza baino gutxiagoko eraikinek eta/edo Hirigune Historikoan kokatutakoek.
Aurtengo deialdiak bi berritasun dakartza. Batetik, leihoak (kanpoko arotzeria eta beirateak) ordezteko lanak diruz lagunduko dira, energia-eraginkortasuna sustatzeko helburuarekin. Bestetik, Errenteriako etxebizitza hutsetan egin beharreko esku-hartzeak ere lagunduko dira, baldin eta Eusko Jaurlaritzaren Bizigune eta ASAP alokairu publikoko bitartekaritza-programetan sartzeko badira.
Helburua da bizitegi-eraikinen parkea mantentzen laguntzea, bizigarritasuna eta erosotasuna hobetzea, energia-eraginkortasuna sustatzea eta irisgarritasun unibertsala bermatzea. Eskabideak aurkezteko epea bihar hasiko da eta abenduaren 30ean amaituko da. Informazio gehiago udalaren webgunean dago.




