Errenteriako Udaleko Gobernu Taldeak 2027ko zerga-ordenantzen proposamena aurkeztu du, azken urteetako joerarekin bat etorriz %2,4ko eguneraketa orokorra ezartzea proposatuz. Hala ere, salbuespenak ere badaude, zenbait tasa eta zerga izoztuta geratuko baitira, hala nola hondakinen tasa.
Proposamen berriak fiskalitate progresiboa ezartzea jasotzen du prezio publiko gehienetan, eta udalerriaren erronka nagusiei aurre egiteko neurri fiskalak biltzen ditu: etxebizitza, tokiko garapena, trantsizio ekologikoa eta gizarte-kohesioa.
Helburua kalitatezko zerbitzu publikoak eskaintzen jarraitzea da, gizartearen beharren eta aurrekontu-egonkortasunaren arteko oreka bilatuz. Gainera, zerga-ahalegina modu bidezko eta orekatuan banatu nahi da, bizi dugun inflazio testuingurua kontuan hartuta. Errenteriako biztanleko zerga-bilketa Euskal Autonomia Erkidegokoa eta Gipuzkoakoa baino txikiagoa dela nabarmendu da.
Etxebizitzaren arloan, indarrean dauden neurriei jarraipena ematen zaie, eta Eraikuntza, Instalazio eta Obren gaineko Zerga (EIOZ) izoztu egingo da birgaitzea sustatzeko.
Tokiko garapenari dagokionez, Jarduera Ekonomikoen gaineko Zerga (JEZ) eta lurzoruaren tasak izoztu egingo dira. Lehen aldiz, Turismo-ostatuetako Egonaldiaren gaineko Zerga jasotzen da, etxebizitza turistikoek tasa maximoa izango dutelarik.
Trantsizio ekologikoaren aldeko neurrien artean, hondakinen, ur-horniduraren eta estolderiaren tasak izoztu egingo dira. Gainera, Pasaiako Portua Ezaugarri Bereziko Ondasun Higiezinen (BICE) kategoria sartuko da, eta bizikletentzako aparkaleku itxien tarifa berria sortuko da.
Gizarte-kohesioa hobetzeko, Ondasun Higiezinen gaineko Zergan (OHZ) progresibitatea aplikatuko zaie guraso bakarreko familiei eta genero-indarkeriaren biktimei. Gazteentzako etxebizitzen eta beste hainbat zerbitzuren tasak ere izoztuko dira.
Udal Gobernuak datorren urriko udalbatzan eztabaidatu eta erabaki nahi du proposamena, eta dagoeneko aurkeztu die alderdi politikoei ekarpenak jasotzeko.




