Astigarragako EAJ-PNVk EH Bilduren "politizazioa" eta "demagogia" salatu ditu udalerriko institutu berriaren proiektuaren inguruan. Talde jeltzaleak azpimarratu du proiektua martxan dagoela, nahiz eta "baldintza tekniko eta geologiko garrantzitsuak" dituen lurzati batean egin behar izan, eta horrek "kostua eta zailtasunak" areagotu dituela.
Alderdi jeltzaleak gogorarazi du EAJren konpromisoa hezkuntza publikoarekin duela urte hasi zela, eta "inprobisaziotik edo azken orduko pankartetatik" ez dela sortu egungo egoera. "Proiektuaren exekuzioa amaituta dago eta espedientea kontratazio fasean da", adierazi dute.
EAJ-PNVk "bereziki larritzat" jo du alkatearen eta EH Bilduren jarrera azken asteetan, "herritarrei iragartzeko egokiak ez ziren datak aginduz eta faltsuak diren itxaropenak sortuz". Gainera, "desleialtasun instituzionala" leporatu diote EH Bilduri, "guraso elkartea konfrontazio politikarako estrategia bat elikatzeko erabili izana" egotzita.
Talde jeltzaleak gogorarazi du EAJ izan zela "proiektua desblokeatu zuena, kokaleku bideragarri bat bilatuz", eta EH Bilduk "arazo geologiko eta tekniko handiak zituen kokaleku batean" tematzen zen bitartean, EAJ-PNVk "alternatiba errealista bat" bilatu zuela.
Azkenik, EAJ-PNVk dei egin du "konfrontazio politikoa alde batera utzi, koordinazio instituzionala indartu eta izapideak bizkortu" daitezen, "Astigarragak ez duelako fotomontajerik edo propaganda kanpainarik behar, informazio zorrotza, seriotasun instituzionala eta proiektuaren aurrerapena baizik".




