Donostiako Tranbia Konpainiak (DTK) 140 urte bete dituen honetan, herritarrek enpresan egiten den lana bertatik bertara ezagutzeko aukera izango dute. Bisita gidatu doakoak izango dira adin guztietako pertsonentzat, eta larunbatean, irailaren 19an, gaztelaniaz, eta igandean, irailaren 20an, euskaraz izango dira, biak 11:00etan hasita.
Izena emateko epea zabalik dago jada. Interesdunek Dbuseko telefono zenbakietara (900 840 146 / 943 000 200) deituz edo info@dbus.eus helbide elektronikora idatziz eman dezakete izena. Plazak mugatuak dira eta izena emandako hurrenkeran esleituko dira. Izena ematean, bisitara joango diren pertsona kopurua eta haien adina adierazi beharko da.
Bisitetan, Dbuseko lan arloak ezagutzeaz gain, enpresak azken urteetan ezarritako berrikuntza teknologikoak ere erakutsiko dira. Horien artean, 2025eko "Transport Ticketing Awards" sarietan munduko ticketing onena duen garraio publikoko operadorearen saria lortu zuten sistemak nabarmentzen dira.
Gainera, iaz arrakasta handia izan zuen Dbuseko historiari buruzko erakusketa ibiltaria ere prestatu da aurten. Erakusketa hau Larratxon hasiko da irailaren 16an, eta bertara hurbiltzen diren herritarrek 1886an sortu zenetik gaur egunera arte Dbusek izan duen bilakaera ezagutzeko aukera izango dute. Ondoren, erakusketa Antiguon eta Amaran ere egongo da.
Erakusketarekin batera, Agabusekin (Autobus Lagunen Gipuzkoako Elkartea) elkarlanean, 80ko hamarkadako Mercedes modelo bat bisitatu ahal izango da 11:00etatik 18:00etara. Autobus honek azken 40 urteetan garraio publikoak bizi izan duen eraldaketa handia erakusten du.




