Botoa emateko epea gaurtik aurrera dago zabalik, eta uztailaren 10era arte luzatuko da. Herritarrek online eman dezakete botoa, astigarraga.eus/parte-hartu atarian.
Aukera presentziala ere badago nahiago dutenentzat. Gaur bertan bi hitzordu jarri dituzte: goizean Kontxa Etxeberria plazan (11:30etik 12:30etara) eta arratsaldean Joseba Barandiaran plazan (19:00etatik 20:00etara). Datorren astean ere izango da aukera presentzialik: uztailaren 8an (asteazkena) Joseba Barandiaran plazan (11:30-12:30) eta hilaren 9an (osteguna) Kontxa Etxeberria plazan (19:00-20:00).
Hasiera batean 224 proposamen aurkeztu ziren, baina udalaren eskumenekoak ez direnak, aurrekontua gainditzen dutenak edo bideragarritasun teknikorik ez dutenak baztertu ondoren, 22 proposamenek osatzen dute orain aukeragaien zerrenda.
16 urtetik gorakoek dute botoa emateko eskubidea. Herritarrek aukeratuko dute zeintzuk gauzatuko diren aurrera eramandako proposamenen artean.




