Astigarragako Eragiyok abesbatza taldeak sari garrantzitsu bat lortu du Poloniako Krakovian ospatutako 15. Nazioarteko Koral Jaialdian, zehazki ahots larrien atalean. Gipuzkoarrek Cracovia ko Philharmonic Hall auditorioan jaso zuten saria joan zen igandean.
Aurreko larunbatean, Astigarragako abesbatzak lau obra interpretatu zituen Santa Katalina elizan. Horietatik bi euskaraz izan ziren. Talde gipuzkoarraren emanaldiak Norvegia, Polonia eta Danimarkako koruak gainditu zituen.
Egitaraua lau obraren interpretazioz osatu zen, eta hainbat osagai bildu zituen. Lehen bi piezak musika sakratuari eskainitakoak izan ziren, nahiz eta elkarrengandik oso desberdinak izan: alde batetik, Vicente Goicochearen Ave, verum corpus; bestetik, Piotr Janczaken Kyrie.
Ondoren, gure folkloreko bi obra klasiko eskaini zituzten. Lehenengoa, Kitolis, obraren izen bereko historia tragikoa kontatzen duena, ahots solista batek emozioz beterik kontatua eta kantatua. Pieza honek, hasiera batean ahoz gabe hasi ondoren, 180 graduko bira eman zuen zortziko bizi baten eta ezpatadantzaren bitartez.
Amaitzeko, Joan nintzen Ainoara obra interpretatu zuten. Sei ahotsetan abestuz, taldeak indarra eta bizitasuna erakutsi zituen, baita ahotsen arteko jolas polita ere.




