Arrasateko Udalak eta San Andres jai batzordeko kideek eskatuta, Mutiko Kristal grafitigile arrasatearrak mural bertikal bat margotzen ari da Doctor Bañez kaleko eraikin batean, bertako bizilagunen onespenarekin. "Bizilagunak oso pozik agertu dira Jai Batzordearen eta Udalaren proposamenarekin", adierazi du Maider Morras ek, Arrasateko alkatea. Lanak maiatzaren 18an hasi ziren eta ekainaren erdialderako amaitzea espero da.
Muralak auzoaren jatorriari egin nahi dio erreferentzia, bereziki 60ko hamarkadan San Andresera etorritako emakume migratzaileak eta haiekin izandako elkarbizitza omentzeko helburuarekin. "Lana bilatu eta bizi baldintza hobeagoak nahi zituzten emakume horiei egiten zaie omenaldia. Beraien jaioterriak atzean utzi eta Arrasaten bizi berri bat hasi zuten, garaiko gorakada industrialarekin batera", azaldu du alkateak.
Morrasek gaineratu duenez, "60ko hamarkadan etorri zirenak hemen errotu ziren, seme-alabak izan zituzten, eta elkarbizitzan gaur egun arte iritsi gara. Gaur egun, gutxik jartzen du zalantzan aniztasun horren balioa. Denok batera eraiki dugu gaurko Arrasate. Migrazioek dakarten elkarbizitza erdigunean jarri nahi izan dugu". Muralaren bidez, iraganeko migrazio esperientziak eta egungo gizartearen eraikuntzan izan duten eragina nabarmendu nahi da.




