Arrasate ko Morbor sexu askapen taldeak gaur goizean elkarretaratzea egin du plazan, Arrasate LGTBIQ+ pertsonendako bizigarri, aske, seguru eta pozik egoteko lekua izatea aldarrikatzeko. Taldearen izenean, Oihan Zubizarretak hartu du hitza, aurreko belaunaldien lanari eta borrokei erreferentzia eginez. Taldeak nabarmendu du gizonkeria, homofobia, transfobia, matxismoa eta faxismoa indartzen ari diren garai honetan, eguneroko keinu eta jarreretan ere eragina dutela erreakzionarismoak.
Generoak irauli behar direla eta gorputzak sailkapen bitar eta zurrunetatik at biziko den herri bat nahi dutela adierazi dute. Zisheteroarauaren araberako sailkapenetik harago, desira askatzaileei bide emango dien eta lagunartean, kirolean eta jaietan libre sentiaraziko dituen komunitate bat eraikitzea dute helburu. Horretarako, transfeminismotik herria eta komunitateak eraikitzen jarraitzeko deia egin dute, antifaxismoaren banderapean, gorrotoaren eta zapalkuntzaren aurrean erreferenteak sortuz eta elkarri laguntza eskainiz.
Elkarretaratzearen amaieran, Euskal Udalekuei babesa adierazi diete. Bestalde, Aretxabaletan, Lohixak taldeak eta Atxabalta Harrok deitutako manifestazioa gaur arratsaldeko zortzietara atzeratu da, herriko plazatik abiatuko delarik.
Atzo, zapatuan, Atxabalta Harro Eguna ospatu zuten, elkartearen bosgarren urteurrena betez. Ekitaldia goizean hasi zen pregoiarekin. Elkarteko kide Beñat Arizabaletak gogorarazi zuen ekainaren 28a ospatu behar dela, aurrekoek malkoz eta izerdiz lortutako eskubide eta espazioak gureak ere badirela gogoratzeko. Nahiz eta egoera hobetu den, borrokan oraindik asko geratzen dela azpimarratu zuen, milaka pertsona oraindik oinarrizko eskubide barik bizi direlako beste leku batzuetan.




