Oñatin, Ingo Xonau! taldeak eta Udalaren babesarekin, bosgarren Hika Eguna antolatu du aurten ere. Ekitaldia ekainaren 20an izango da, eta bertan, iaz hil zen Pili Irazabal euskaltzale eta hizkuntza sustatzaileari gorazarre egingo zaio udaletxeko arkupeetan.
Irazabal oso ezaguna zen Oñatin egindako lanagatik. Hainbat proiektutan parte hartu zuen: Txantxiku ikastolako irakasle izan zen urte luzez, Pake lekuko mintzalaguneko kide, irakurle talde bateko gidari, odol emaileen arduradunetako bat eta hikalaguna ere bai. Gainera, Oñatin gordetzen den noka jasotzeko elkarrizketatu ziren 54 emakumeetako bat izan zen. Horregatik, ekitaldian mikroa irekita egongo da Irazabal gogoratzeko zerbait esan edo kantatu nahi dutenentzat.
Egitarauak urteroko ekintzak jasotzen ditu: eguerdian, hika-poteoa eta ondoren hika-bazkaria (hika praktikatzeko jolasekin). Arratsaldean, berriz, EinGo taldearekin herriko kaleetan zehar ibiliko dira, tabernaz taberna, kantuan eta dantzan.
Antolatzaileek azpimarratu nahi dute ez dagoela hika jakin beharrik parte hartzeko eta nahikoa dela entzuteko prest egotea.
Aurreko urteetan giro polita sortu izan da, eta hika praktikatu nahi duten guztiak gonbidatu eta animatu nahi dira. Iturritxo jatetxean egingo den bazkarira joateko izena eman behar da, Irizar estankoan.
Ingo Xonau! taldea noka biziberritzeko sortu zen, eta 2019tik hainbat jarduera egin dituzte helburu horrekin. Duela gutxi amaitu zen bosgarren hika ikastaroa ere, Beatriz Irizar irakasle zela eta hamar herritarrek parte hartu zutelarik.




