Aurtengo edizioak zazpi emanaldi izango ditu, irailaren 11tik azaroaren 20ra bitartean. Kontzertu guztiak Juan Arzamendi Musika Eskolako auditoriumean izango dira, eta sarrerak bost eurotan daude salgai www.arrasate.eus atarian.
Jaialdia Elisa Bayona abeslariak eta Ibai Gallardo gitarristak osatzen duten Hondora taldearen kontzertuarekin hasiko da, irailaren 11n. 2017an sortutako bikoteak rock, pop, funk eta rhythm-and-blues estiloak uztartzen ditu, eta iaz kaleratutako Hondoratu eta azalera irten lana aurkeztuko dute. Emanaldia arratsaldeko zazpi eta erdietan izango da.
Bigarren kontzertua irailaren 25ean izango da, eta Aitor Castells musikari menorcarrak bere lan triptikoa aurkeztuko du. Azken hamarkadan sei album argitaratu ditu, eta bere errepertorio zabala entzuteko aukera izango da arratsaldeko zazpi eta erdietan.
Urrian, bi kontzertu gehiago izango dira. Hilaren 9an, Ramona's First Evil Boyfriend taldeak bere azken lana, EATXI, aurkeztuko du. Andrea Pozok eta Jose Mari Unanuek osatzen dute taldea, eta folk eta pop-rock doinuak jorratzen dituzte. Hilaren 23an, berriz, Sofia Fernandez gasteiztarraren Flor y Troll proiektua iritsiko da, bateria eta ahotsa uztartuz.
Azaroan, hiru kontzertu itxiko dute zikloa. Azaroaren 6an, Garazi Esnaola piano-jotzaileak bere lehenengo disko bakarkakoa, Ez gaude hemen, aurkeztuko du. Azaroaren 13an, Rob Leines estatubatuar musikariak rock eta country estiloak jorratuko ditu bere 2024ko Headcase diskoarekin.
Azkenik, azaroaren 20an, Ipar Euskal Herriko Habia taldeak emango dio amaiera jaialdiari. Maia Iribarne, Elena Haira, Amaia Hiriarte eta Maiana Aguerre dira taldekideak, eta tradizioa eta musika garaikidea uztartzen dituzte beraien lanetan, hala nola Animalia naiz eta Omen.




