Oneko Energia Komunitateak eta Fagor Taldeak hitzarmena sinatu dute gaur, astelehena, Oñatiko Eltzian duten bulegoan. Sinatze ekitaldian izan ziren Raul Garcia Onekoko lehendakaria eta Aritz Otxandiano Fagor Taldeko Iraunkortasun arduraduna. Akordio honekin, Fagorrek 110.000 euroko ekarpena egingo dio energia komunitateari, biztanleko hamar euroko zenbatekoan, eta kooperatiben funtzionamenduan eta proiektu komunitarioetan duen esperientzia partekatuko du.
Onekoko lehendakariak adierazi du hitzarmen hau oso garrantzitsua dela proiektuak martxan jartzeko beharrezko egonkortasun ekonomikoa emango diela eta Fagor Taldearen ezagutza eta ekarpenak ongi etorriak izango direla. Fagor Taldeko Iraunkortasun arduradunak, berriz, trantsizio energetikoan herritarren inplikazioaren garrantzia azpimarratu du, energia komunitateak horretarako tresna egokia direla nabarmenduz.
Hitzarmena Fagor 2030 iraunkortasun estrategiarekin bat dator, eta Fagorrek bere lurraldean trantsizio energetikoan laguntzeko duen konpromisoa erakusten du. Gainera, Onekoz gain, Fagor bazkide laguntzailea da bailara osoko beste energia komunitate batzuetan ere, hala nola Ekiolakoa (Arrasate, Aretxabaleta eta Eskoriatza), Ixotzenekoa (Elgeta), Berenerrekoa (Bergara) eta Esnargikoa (Eskoriatza).
Aritz Otxandianok uste du Oñatin baldintza onak daudela ekimen honek arrakasta izateko, energiaren munduan duen tradizioagatik eta egindako ibilbideagatik. Oneko 2025eko irailean sortu zen eta egun 48 bazkide ditu. Aurrerantzean, uztailaren 8an aurkeztuko dute lehen proiektua, Oñatiko kultura etxeko zine aretoan, instalazio fotovoltaiko bat izango dena.




