Gipuzkoako Foru Aldundiak eta Ogasunak iragarri dutenez, lurraldeko ekonomiaren portaera onari esker, 2026rako aurreikuspenak %1,3 gaindituko dira, eta horrek udal finantzaketarako Foru Funtsetik bideratuko den diru kopurua handituko du. Urtea ixterako lurraldean 7.080 milioi euro inguru biltzea espero da. Behin-behineko likidazioaren arabera, Oñatiko Udalak aurreikusitakoa baino 139.688 euro gehiago jasoko lituzke, agindutakoaren %3 gehiago.
2000. urteaz geroztik Gipuzkoako zerga bilketa %156 handitu da, bi etenaldi laburrekin: 2008-2009ko atzeraldian eta 2020an, pandemiak eragindakoan. 2020an, Oñatik aurreikusitakoa baino 834.509 euro gutxiago jaso zituen. Behin betiko datuak otsailean ezagutuko dira, baina printzipioz, udalek diru gehiago jasoko dutela uste da.
Foru Fondoen 2027ko lehen ordainketa otsailean bideratuko du Diputazioak, eta udalek jada badakite 771.438.914 euro banatuko zaizkiela, inoizko kopururik altuena. Diru banaketa biztanleen eta beste aldagai batzuen arabera egiten da. Oñatiko Udalak 11.717.788 euro jasoko ditu, aurten agindutakoa baino 687 mila euro gehiago. Foru Funtsetik iristen den dirua udal aurrekontuaren zati handi bat betetzen duenez, garrantzi handikoa da.
Eider Mendoza Ahaldun Nagusiak nabarmendu zuen Gipuzkoako ehun ekonomikoa indartsu dagoela eta dinamismo positiboari eusten diola. 2025eko itxierarekin alderatuta, bilketa %5,3 handitzea aurreikusten da, hau da, 355 milioi gehiago. Datu positibo horiek udal finantzaketan ere islatzen dira, Euskal erakunde sistema arrisku partekatuko sistema dela kontuan hartuta.




