Mondragon Team Academy (MTA) eta Social Factory Mondragon Unibertsitatearen eskutik, irailaren 25etik 27ra bitartean Kuartangon (Araba) izango dira, La Gran Kedada Rural topaketan. Ekitaldi honek ekintzaileak, lurralde-agenteak, erakundeak eta landa-eremuetako orainaldian eta etorkizunean interesa duten pertsonak bilduko ditu.
Aurtengo edizioak, “Sumérgete en la Nueva Ruralidad” lelopean, talentuari, kulturari eta tradizioari buruzko hiru egun eskainiko ditu, ia 40 jarduera, 40 hizlari eta 11 artistarekin. Ostirala, irailaren 25a, Talentuari eskainia egongo da, eta gune desberdinak izango dira hausnartzeko, konektatzeko eta landa-eremuetako erronkei irtenbideak diseinatzeko.
Testuinguru horretan, Mondragon Unibertsitateko Social Factory taldeak “El reto del relevo rural” tailerra gidatuko du. Saio praktiko honek Design Thinking metodologia erabiliz, landa-eremuetako negozioen jarraitutasunik eza dela eta itxi behar izaten diren egoerei aurre egiteko irtenbideak bilatuko ditu, talde-lanaren eta baterako sorkuntzaren bidez.
Tailerraz gain, MTAk bere inkubagailuaren deialdi berezi bat aurkeztuko du, proiektu ruraletara zuzendua. Ekimen honek landa-eremuetako eraldaketan lagundu nahi duten ekintzaile-proposamen berriak identifikatu eta babestea du helburu, ekintzaileei beren ekimenak garatzeko aukera emanez.
La Gran Kedada Rural irailaren 25etik 27ra izango da Kuartango Lab-en, ekintzailetza, berrikuntza soziala, kultura, musika, literatura, artisautza eta produktu lokala uztartzen dituen egitarauarekin. Ostirala Talentuari, larunbata Kulturari eta igandea Tradizioari eskainiko zaie.




