Mondragon Goi Eskola Politeknikoko lorategia irekiko dute PlazaBizi ekimenaren baitan

Bisita gidatuak antolatu dira komunitatearentzako topagune eta ikaskuntza gune bihurtzeko, irisgarritasuna bermatuz.

Mondragon Goi Eskola Politeknikoko lorategiaren irudia, zuhaitzak eta informazio-kartelak erakusten dituena.
IA

Mondragon Goi Eskola Politeknikoko lorategiaren irudia, zuhaitzak eta informazio-kartelak erakusten dituena.

Mondragon Goi Eskola Politeknikoak (MGEP) bere campusaren lorategia herritarrentzat irekiko du PlazaBizi ekimenaren baitan, natura eta hezkuntza uztartuz.

Plazabizi ekimenaren helburua MGEPko lorategia komunitatearentzako topagune eta ikaskuntza gune bihurtzea da. Horretarako, bertako zuhaitz espezie nagusiak identifikatu eta azalduko dituzten euskarri fisiko eta digitalak diseinatu dira, informazioa modu ulergarri eta inklusiboan eskaintzeko. Diseinuak irisgarritasuna izango du ardatz, eta ezintasun desberdinak dituzten pertsonen beharrak kontuan hartu dira.
Proiektuaren lehen fasean lorategiaren egokitzapena eta zuhaitzen hautaketa egin dira, botanika eta basogintzako irizpideak kontuan hartuta. Ondoren, lorategian dauden espezieei buruzko edukia garatu da, eta kartel informatibo berriak diseinatu dira. Kartel horiek euskarri arruntetan ez ezik, braille sisteman ere eskaintzen dira, informazioa pertsona guztientzat eskuragarri izan dadin.
Bisita gidatuak 2026ko maiatzean zehar egingo dira eta publiko ezberdinei zuzenduko zaizkie: MGEPko ikasle eta langileei, Herri eskolari, Arizmendi ikastolari, tokiko elkarteei, auzotar eta herritarrei. Jarduera hauen bidez, campusaren balio naturala ezagutarazteaz gain, ingurumenarekiko kontzientzia eta espazio publikoen erabilera komunitarioa sustatu nahi dira.
Horrez gain, proiektuak lorategiko mapa botaniko orokor bat ere jasoko du, bisitariek espazioa modu autonomoan esploratzeko aukera izan dezaten. Esku-hartze honek PLAZABIZIren helburu nagusiekin bat egiten du: komunitatea eraikitzea eta espazioak irabaztea, naturaren eta herritarren arteko harremana indartuz.
Maiatzaren 27an, tokiko elkarteei, auzotar eta oro har herritarrei bideratutako bi bisita egingo dira. 17:00etan gaztelaniaz eta 18:00etan euskaraz. Bertaratu nahi duenak izena eman beharko du: info@plazabizi helbidera idatzita.