Bergarako Santa Marinako kanpandorrean Bitorianatxok eman dio hasiera Pentekoste Jaiari, 20:00etan plazara eginiko jaitsiera ikusgarriarekin. Lokatza Ziklismo Eskolako elastikoarekin eginiko hegaldia txalotu egin zuen bertaratutako jendetza handiak. Mikroa hartuta, bergarar guztiak agurtu eta mezu garrantzitsuak zabaldu zituen: "Pentekosteak denonak dira! Jaiak gozatzeko dira. Errespetuz, elkar zaindu dezagun eta guztien artean giro ona sor dezagun", adierazi zuen. Jaietan egoterik ez dutenak ere gogoan izan zituen, eta "Bete jaiak bihotzez eta euskaraz" lelopean amaitu zuen bere hitzaldia.
Ondoren, Lokatza Ziklismo Eskolako Ion Unamuno presidenteak hartu zuen hitza, kolektiboaren izenean. "Ohore handia da" pregoia botatzeko aukera izatea eskertu zuen, eta elkartearen 50 urteko ibilbidea gogoratu zuen, ziklismoaren alde egindako lana azpimarratuz. Txikitan Lokatzako ziklista izandako Gorka Artola alkateari Lokatzako elastiko bat oparitu zioten, eta berehala jantzi zuen alkateak.
Pregoiaren ostean, festa giroa nagusitu zen plazan. Bergara Musika Bandak "Pobre y Alegres" pieza jo zuen eta Jai Batzordeak koloretako puzgarriak askatu zituen. Horrela hasi dira ofizialki Bergarako Pentekoste Jaiak, Oxirondoko jai-gunean lehenengo ekintzekin jarraipena emanez.




