“"Bere koadroen bitartez, Arrasate nolakoa zen ikus daiteke, kaleak, auzoak eta baserriak. Desagertu, aldatu edo berdin-berdin mantendu direnak. Horregatik, oso inportantea izan da elkarteak egin duen bilketa eta inbentario lana, eta orain ondare guztia Arrasateko herriari oparitu izana, Udalak zaindu dezan. Dohaintza honekin, margolariaren nahirik handiena betetzen da; bere legatu artistikoa Arrasateko herriarena izatea, etorkizuneko belaunaldiek haren obra ezagutu eta goza dezaten."
Julio Galartaren ehun koadro baino gehiago ikusgai Arrasateko Kulturateko klaustroan
Margolariaren Lagunak elkarteak 600 lan eman dizkio Udalari, eta horietatik aukeraketa bat erakutsiko da ekainaren 20ra arte.
Egilea: Nerea Goikoetxea Arana
••2 min irakurtzeko
IA
Julio Galartaren erakusketaren irudi generikoa, Kulturateko klaustroan.
Arrasateko Kulturateko klaustroan Julio Galarta margolariaren ehun koadro baino gehiago daude ikusgai, ekainaren 20ra arte, Julio Galarta Pintorearen Lagunak elkarteak egindako dohaintzari esker.
Erakusketaren aurkezpenean, Julio Galarta Pintorearen Lagunak elkarteko kide batek adierazi duenez, elkarteak Arrasateko Udalari dohaintzan eman dizkio jabetzan zituen "600 koadro inguru". Horietatik aukeraketa bat egin da, herritarrek Julio Galartak egindako lanen aniztasuna eta kalitatea ezagutu dezaten. Margolaria paisaiak egiteagatik nabarmendu zen, baina bodegoiak eta erretratuak ere landu zituen, bisitariek ostiral arratsaldetik aurrera ikusi ahal izango duten bezala.
Jasotako funtsa Julio Galarta Pintorearen Lagunak elkarteak margolaria hil zenetik –2011– hona egindako lan eskergaren emaitza da. Elkarteak artistaren 1.800 dokumentu baino gehiago inbentariatu eta katalogatu ditu urte hauetan guztietan. Gainera, orain onartutako dohaintzak, artistaren familiak emandako lanez gain, beste oinordeko batzuen obrak ere barne hartzen ditu.
Julio Galarta (1917-2011) Zizurkilen jaio bazen ere, bi urterekin Arrasatera bizitzera etorri eta bertan garatu zuen bere bizitza eta artea. Bartzelonako Tarregas Pintura Akademian eta San Jorge Arte Ederretako Goi Eskolan trebatu ondoren, bere estiloa mundu osora zabaldu zuen, betiere bere inguruko paisaiak (Debagoiena, Aramaio eta Arrasate) ahaztu gabe.
Erakusketak Galartaren "kolorearekiko grina" nabarmentzen du, hori baitzen bere artearen ezaugarririk esanguratsuena. Artistak bere garaian esan zuen moduan, "marrazketari lehentasuna" ematen zion, "eta gero koloreen harmoniari". Aipatzen zuenez, Euskal Herriko argia "iragankorra da, iheskorra, beraz, gogor lan egin behar da kolore efektuak lortzeko".



