Bergarako eta Zarauzko Ibilgailuen Azterketa Teknikoa (IAT) kudeatzen duen Itasua enpresako lan zentroetan 50 langile inguru aritzen dira lanean. Joan den ekainaren 29tik greba dinamika batean murgilduta egon ondoren, gaur, astelehena, greba mugagabeari ekin diote.
Greba honen helburua Gipuzkoako beste IAT enpresetako lan baldintzekin parekatzea da. Sindikatuen arabera, "besteek baino 133 ordu gehiago egiten dituzte lan urtean eta 2.000 eta 8.000 euro arteko soldata txikiagoak dituzte haiekin alderatuta", azaldu dute ELA eta LAB sindikatuetako ordezkariek.
Sindikatuek salatu dute enpresak ez duela negoziatzeko borondaterik erakutsi eta greba eskubidea urratu egin duela. Horren aurrean, zuzendaritzari eskatu diote "benetako negoziazioari ekiteko".
Lan Harremanetarako Kontseiluaren bitartez, bilera eskatu diote enpresari. Bi aldeak uztailaren 23an, osteguna, elkartuko dira, gatazkari irtenbidea bilatzeko asmoz.




