Abuztuaren 12an Debagoienan ikusi ahal izango den eguzki-eklipsearen harira, Laboratorium Museoak eta Jakindari erakundeek, Eusko Jaurlaritzako Zientzia, Unibertsitate eta Berrikuntza Sailarekin batera, zientzia-dibulgazioko programa bat jarri dute martxan. Ekimen honek Zientzia, Teknologia eta Berrikuntza (ZTB) programaren barruan kokatzen da.
Bergaran, sei jarduera antolatu dira maiatzetik uztailera, fenomeno astronomiko hau herritarrei hurbiltzeko helburuarekin. Lehenengo ekintza gaur hasi da, Bi ilunabarren eguna izeneko erakusketa batekin. Ilustrazio zientifikoz osatutako erakusketa honek eguzki-eklipse osoaren hurbilketa didaktiko eta bisualki erakargarria eskaintzen du.
Erakusketa maiatzaren 21era arte egongo da ikusgai doan museoko lorategian. Ikastetxeek goizeko ordutegian bisita antolatuak egingo dituzte. Helduek ere izango dute erakusketa bisita gidatu bidez ikusteko aukera, maiatzaren 16an eta 18an. Larunbateko bisita, 11:30ean, publiko orokorrari eta familiei zuzendutako dibulgazio tailer batekin batera eskainiko da. Astelehenekoa, berriz, Museoen Nazioarteko Egunarekin batera antolatu da, ordutegi berean. Izen-ematea doakoa da, baina aldez aurretik izena eman behar da.
Erakusketa amaitu ondoren, bi hitzaldi eskainiko dira. Ekainaren 11n, DIPCko Doktoretza Ondoko Ikerlari batek Eklipseak eta asmakizunak hitzaldia emango du, Kutxa Fundazioaren laguntzarekin. Uztailaren 3an, Ilartargi Elkarteko kide batek Eklipseak: astroak ezkutaketan jolasten izeneko hitzaldia eskainiko du. Bi hitzaldiak Seminarixoan izango dira, euskaraz eta doan, edukiera bete arte.
“"Aparteko gertakari astronomiko baten aurrean gaude, eta Bergarako herritarrek fenomeno hau behar bezala bizitzeko aukera izatea nahi dugu."
Programa honekin, Bergarak zientziaren dibulgazioan duen rola indartu nahi du, herritarrei eklipseen fenomenoa hobeto ulertzeko tresnak eskainiz. Laboratorium Museoko zuzendariak azpimarratu du Jakindari bezalako erakundeekin lankidetzan aritzearen garrantzia, jardueren irismena handitzeko eta zientzia irisgarri eta partekatua izatea bermatzeko.




