Plaka Plaza azpian jarriko da, 18:15ean, eta bertan honako hau irakurriko da: "Gaztelako konkistaren aurretik, Leintz Bailara, Aitzorrotz tenentziaren barruan, NAFARROAKO ERRESUMAREN PARTE ZEN."
Ekitaldiaren ondoren, 18:30ean, Zaraia aretoan, Aitzol Altunak hitzaldia eskainiko du. Bertan, egungo Gipuzkoa osatu zuen ibilbide historiko luze eta korapilatsua azalduko du, eta bereziki, bertoko euskal erakunde politiko askeen rola nabarmendu nahi du.
Testuak dioenez, erromatar inperioaren ostean, Baskoniako dukerriaren barruan egon ziren lurrak. Iruñeko Erresumaren eskualde bezala aipatzen da lehenengo aldiz “Ipuscoa” 1025ean, Antso III. Nagusiaren garaiko idatzi batean. Gaztelarrek 1200ean konkistatu bazuten ere, Nafarroako Karlos II. erregeak berriro askatu zuen 1368 eta 1373 bitartean.
Bi ekimen hauen bidez, bailararen eta lurraldearen historia ezagutzera eman nahi da.




