Bergarako Udal Euskaltegiak zabalik du izena emateko epea irailaren 28ra arte. Urtero legez, euskara ikasi edo hobetu nahi duten 16 urtetik gorako guztientzat ikastaro eskaintza zabala prestatu dute.
Maila guztietako (A1etik C2ra) taldeak eskainiko dira, goizez zein arratsaldez. Ikastaroak titulua lortzeko edo norberaren euskara hobetzeko balioko dute, hala nola berriketan erraztasuna hartzeko, irakurketa lantzeko eta idazten hasteko.
Autoikaskuntza ikastaroak ere badituzte, astean behin euskaltegira joanda ikasleak bere erritmoan ikasteko aukera izan dezan.
Gainera, dirulaguntzak eskuragarri dira, bai euskaltegiak berak emandakoak eta baita Eusko Jaurlaritzarenak ere. Aurtengo berritasun nagusia EUSKARA BONUA da, hasiera mailetako ikasleei zuzendua. Bonu honekin, lehen ikasturtean ordainketa bakarra eginda, ikasleek hainbat urtez doan ikasteko aukera izango dute.
Eskaintzari eta dirulaguntzei buruzko informazio zehatzagoa nahi izanez gero, Udal Euskaltegira jo daiteke, Irizar jauregira (Barrenkalea, 33), 943 76 44 53 telefonora deituta edo euskaltegia@bergara.eus helbidera idatzita.




