Apirila literaturaren hilabete gisa ezagutzen da, eta Arrasateko Udal Bibliotekak urtero bezala, programazio zabala prestatu du herritarren artean irakurketaren eta kulturaren garrantzia azpimarratzeko. Asun Agirianok, liburutegiko zuzendariak, adierazi duenez, 90eko hamarkadatik ospatzen dute Liburuaren Eguna, eta tradizio hutsetik harago, liburutegien funtsezko papera nabarmentzeko balio du.
“"Gure herrietako kulturaren eta ezagutzaren bihotza dira liburutegiak. Irakurtzea mundua ulertzeko funtsezko tresna bat da, baita ahalduntzeko eta entretenitzeko modu bat ere."
Apirilaren 23tik 27ra bitartean, hainbat ekimen egingo dira Kulturaten eta Santa Marinako auzo bibliotekan. Hasiera batean, Idoia Asurmendi musikariak eta Maria Oses idazleak Munstroen bila: ohearen azpian aurkitutakoak lanarekin hasi behar zen egitaraua, baina ikuskizuna bertan behera geratu da. Hala ere, apirilaren 23an, Helena Azkarragaurizar ilustratzaileak Liburu bat maleta bat da sormen tailerra eskainiko du Santa Marinako auzo bibliotekan, 6 eta 12 urte bitarteko haurrentzat. Tailer praktiko honetan irudiak sortzen ikasiko dute parte-hartzaileek.
Programazioak aurrera jarraituko du apirilaren 24an, Arantxa Hirigoyen eta Philippe Albor bikotearen Ttinka antzerki eta kanta saioarekin Kulturaten, 0 eta 7 urte bitarteko haurrentzat. Apirilaren 27an, Idoia Torregarai kazetariak Mikroipuinak idazketa tailerra emango du Kulturaten, arratsaldeko seietan. Tailer hau gazteei zein helduei zuzenduta dago, eta mikroipuinak ezagutzeko, idazketa laburreko ariketak egiteko eta testuen irakurketa eta analisia egiteko aukera eskainiko du. Tailerretan parte hartzeko izena eman behar da aurretik www.Arrasate.eus webgunean.
Agirianok azaldu duenez, tailer hauen helburua idazketa eta irudimena lantzea da, irakurketaren osagai garrantzitsuak baitira. Horrez gain, literatura solasaldiek ere jarraituko dute. Liburuaren Egunean bertan, euskarazko literatura solasaldien zazpigarren saioa egingo da Kulturaten, Alex Gurrutxagak Jon Gerediagaren Argia, lurra, zuhaitza, zerua eta izena eta izana poema-liburuaren inguruko solasaldia gidatuko du. Gerediaga bera ere bertan izango da, eta liburuaren xehetasunak aztertuko dituzte. Apirilaren 29an, gaztelaniazko literatura solasaldia egingo da Claudia Piñeiro idazle argentinarraren Tuya eta El tiempo de las moscas liburuen inguruan, Amparo Montero gidari dela, arratsaldeko seietan Kulturaten.




