Gaur egungo gizartean, non hiriguneetan trafikoa, zarata eta porlana gero eta ugariagoak diren, mugikortasuna ikuspegi jasangarriago batetik birpentsatzea eta espazio berdeak berreskuratzea ezinbesteko behar bihurtu da. Ingurune atseginagoak, osasungarriagoak eta jasangarriagoak sortzea ez da soilik hirigintza kontua, gizartea eraldatzeko modu bat ere izan daiteke. Balio horiek erdigunean jartzeko helburuarekin sortu zen Debagoienean PlazaBizi egitasmoa.
PlazaBizi ekimena Gizabidea Fundazioaren eskutik jaio zen, Debagoiena 2030 markoaren barruan trantsizio ekosozialarekin lotutako gaiak jorratu ondoren. Fundazioak mugikortasunaren gaia aztertu zuen, eta ondorioztatu zuen mugikortasuna aldatzeko nahia bazegoela eta eragile asko nor bere aldetik lanean ari zirela. Ondoren, Kutxa Fundazioaren dirulaguntza deialdi bat aurkitu zuten, mugikortasun jasangarria eta espazio naturalen birnaturalizazioa bultzatzen zituena, lankidetza funtsezko elementu gisa azpimarratuz.
Proiektura hainbat eragile batu dira, tokikoak zein kanpokoak, eta Gizabidea Fundazioak hartu du koordinazio lana. Gaur egun, aliantza honako hauek osatzen dute: Arantzazulab, Arizmendi Ikastola, Arrasate Herri Eskola, Arrasateko Nagusien Kontseilua, Athlon, Besaide, Ciclogreen, Emun, Fagor, Gizabidea, Ikerlan, Kutxa Fundazioa, Maraka, Mondragon Goi Eskola Politeknikoa, Osarten, Tipik eta Txatxilipurdi. Gainera, Arrasateko Udalaren eta Debagoieneko Mankomunitatearen babesa dute.
PlazaBizi egitasmoak Arrasateko Arimazubi auzoan aurkitu du jarduteko eremua. Auzo honetan egunero auto ugari ibiltzen direla ikusi zen, kutsadura, zarata eta arriskua sortuz. Auzotarrek egoera hori kaotikotzat jotzen zuten eta aldaketa beharrezkoa zela uste zuten, beraz, ekimena pozik hartu zuten. Parte-hartze prozesu baten bidez, auzotarren iritziak jaso eta lehentasunak ezarri ziren, nahiz eta proposamen guztiak ezin izan diren aurrera eraman.
Proiektuaren ardatz nagusiak mugikortasun jasangarria sustatzea eta berdeguneen birnaturalizazioa dira. Arimazubik hiru berdegune ditu: Santa Barbara, Olandixo eta Mondragon Goi Eskola Politeknikoko lorategia. Horietan, batez ere Santa Barbaran, hainbat ekimen jarri dira martxan, hala nola Santa Barbara piztu eta Altxorbarbara, azken hau 5-10 urte bitarteko haurrentzako jolas bat izanik. Eskolek ere beren programak garatu dituzte, hala nola Arizmendik Naturan hezten saioak eta Bedoñabek Baso eskolak.
Mugikortasunari dagokionez, sentsibilizazioan lan handia egiten ari dira, jendearen ohiturak aldatzeko. Mondragon Goi Eskola Politeknikoak mugikortasunaren inguruko diagnostiko bat egin du, eta Ciclogreen aplikazioaren bidez ere sentsibilizazio kanpainak egiten ari dira. PlazaBizi egitasmoa bi urteko iraupenarekin sortu zen eta abenduan amaituko da, baina helburua da etorkizunera begira haziak jarri eta gaiak jarraikortasuna izatea, beste batzorde eta espazio batzuk sortuz.




